Zomorroak


Testua: Ana Galarraga.

TXIMELETA

Zomorro askok itxura bat dute jaiotzean, eta beste bat heldutan. Aldatu egiten dira hazi ahala. Bilakaera horri metamorfosia deitzen zaio. Adibidez, tximeletak arrautzatik ateratzen direnean, beldarrak dira; gero krisalidan gordetzen dira, eta, azkenik, hegan ikusten ditugu. Orduan deitzen diegu tximeleta, edo inguma, jainkoilo, mitxeleta, sorginoilo, tximirrika, apex mitxirrika, pinpirin edo txiribiri, pinpilinpauxa...

IPURTARGIA

Ipurtargiak liluragarriak dira: gau beltzean, dantza egiten dute, ipurdia argituta. Ez denek, arrek bakarrik egiten dute argia; beren dantzaren bidez emeak erakartzen saiatzen dira. Baita lortu ere, nola ez! Arazo bat dago, ordea: gizakiok gauez erabiltzen ditugun argiek kalte egiten diete ipurtargiei. Hainbeste argi behar dugu?

ERLEA

Erleak ere dantzari bikainak dira. Hain zuzen, dantzaren bitartez esaten diete erlauntzeko lagunei non dauden lorerik onenak polena biltzeko.

AMONA MANTANGORRI

Zenbat puntutxo ditu amona mantangorriak? Zazpi? Orduan, marigorringo zazpittitta da; hemen, ohikoena. Badira, dena den, puntu gehiago eta gutxiago dituztenak, eta gorria ez beste kolore batekoak ere. Eta dozenaka izen ditu! Hona hemen batzuk: amandre gonagorri, anddere kota-gorri, iratargi, jaungoikoilar, kattalingorri, katalin-xume, labagorri, malo gorringo, mamanton gona-gorri, maria teilaganeko, marije teilatuko, mariƱela gorri, martin-karraka, matxingorri, matxingorringo, txipilota gona-gorri...

top