Bost karta

Miren Agur Meabe

1. ISTRIPUA

Nora dut izena. Hamar urte ditut eta gauza arraroak gertatzen zaizkit istripua izan genuenetik.

Istripuan Karle hil zen, nire ahizpa txikia, eta amona ere bai. Ostiral hartan amonak batu gintuen eskolan. Euria ari zuen, zarra-zarra. Autoak laprast egin zuen urtegiko zubian eta uretara jausi ginen.

Egun batzuk pasatu nituen konorterik gabe. «Lo» egon nintzen egun horietatik ez dut ezertxo ere gogoratzen, egarri nintzela besterik ez.

Esnatu nintzenean, Xerpa oparitu zidaten, gure txakurra. Ez du Karleren hutsunea betetzen, baina inguruan daukat beti, eta hori aski da oraingoz.

Orain ere euria ari du. Trumoi-hotsak esnatu nau eta linterna piztu dut kanpadendaren barruan. Bat-batean, ama azaldu da.

—Ondo zaude?

Dendaren kremailera jaitsi eta barrura sartu da. Lo zakua dakar.

—Bai, Nerea —erantzun diot.

—Zurekin lo egingo dut, bale? Aita zurrungaka dabil beste dendan.

Badakit hori aitzakia bat dela nigana etortzeko. Alboan etzan, eta ilea laztandu dit.

—Espero dut bihar eguraldi ona egitea —xuxurlatu du.

Asteburu-pasa etorri gara mendi aldera. Ea aldaketa honek laguntzen didan bihotzean dudan pisua askatzeko.


2. INDARRAREN KARTA

—Ixo! —agindu nion, xuabe.

Linterna itzali nuen eta lozakuarekin ondo estali. Alferrik: Bisitari Mutuak nire bila zetozen.

Bisitari Mutuak gardenak dira. Hala ere, haien izenak asmatzen badituzu, igarri egin dezakezu non dauden, negar egiten dutelako.

Gaur gauekoak lau izan dira. Bakoitzak ertz batetik oratu zion nire koltxonetari eta kanpora atera ninduten.

—Nora naramazue?

Ez zidaten erantzun. Eta halaxe, hitz-erdirik gabe, piszinara jaurti ninduten. Hotz-hotza zegoen ura, baina buruz behera jausi nintzenez, zerbait ikusi nuen hondoan. Kostatu zitzaidan hartzea.

Karta bat zen, oso bitxia: neska bat lehoi bati ahoa irekitzen. Eta azpian idatzita, LA FORCE, indarra frantsesez. Badakit apur bat, aitak irakatsita, Baionakoa delako.

Ondoren, dendara itzuli ginen Xerpa eta biok, kanpineko errotuluaren argitan: MENDI MAGIKOA.

3. MENDI MAGIKOAN

Txangoa egingo dugu.

—Xan —diotsat aitari—, nora joango gara?

Bide bihurri bat seinalatu du mapan.

—Ea lortzen dugun Zerukobaso izeneko toki honetara iristea.

Oinez hasi gara, martxa onean.

Karle hemen balego, loreak batuko lituzke. Amonak, berriz, irakurtzen emango luke eguna eta patata-tortilla izango luke prest bueltarako. Bion falta daukat, baina gabezia hori ez da zulo bat, barruan eraman ezin dudan burdinazko bola bat baizik.

Xerpa, gure aurretik, taldetxo batengana arrimatu da, bi gizon eta mutiko bat. Mutikoak atzera begiratu duenean, hozkirria sentitu dut, hain ditu begi tristeak.

Joan eta joan egin gara.

Maldetan zaldiak dabiltza bazkan eta, gure eskuinetara, errekatxo bat doa, urrezko belo bat dirudiena udazkeneko hostoak daramatzalako azalean.

Basora sartu, eta adartxoen krakada entzun dugu gure boten azpian.

—Hamaiketakoaren ordua! —abisatu digu Nereak.

—Ados —erantzun du Xanek.

Aspaldi honetan, nire gurasoak beti egoten dira ados. Izan ere, «Zer da haserrea? Poxpolo errea». Hala esaten zuen amonak. Nire ustez, nekatuta daude barrutik, neu bezala.

Buruko mina daukat, baina ez diet esango.

4. MUNDUAREN KARTA

Hamaiketakoaren ostean, Nerea argazkiak egiten aritu da eta Xan perretxiko bila. Xerpa eta biok, orbelarekin olgetan.

Halako batean, irrintzi bat entzun dugu. Zaldi beltz bat dabil pagadian, mantso-mantso. Xerpak eta biok jarraitu egin diogu pendizan behera.

Ez dago xendarik, baina ez du inporta, bazter hau aparta delako: txoriak erreka zabalaren ertzetan, harritzarrak goroldioz estalita, eta bi harriren artean... Beste karta bat!

Bigarren karta hau ere bitxia bezain ederra: neska bat biluzik, zapi batekin erdi estalita, eskuan giltza bat duela. Eta azpiko letrak, LE MONDE, mundua. Eta hara non burua jaso dudanean, ez dut, ba, ikusi errekaren beste aldean...

—Karle!

Lorez eginiko koroa bat dauka eta keinuak egiten dabil, beragana joateko. Hada txiki bat ematen du.

—Banoa! Itxaron! —eskatu diot, botak kentzen hasita, ura zeharkatzeko.

Sartu ditut oinak uretan. Eta bat-batean, norbaitek heldu dit gerritik, gogor.

—Ez, Nora! Geldi! Ez!

Xan da. Ezin naiz mugitu: amorru bizian nago.

—Utzi! Karle dago han! Begira!

Baina nire ahizpa desagertu egin da.

Zaldi beltza galopan doa basoan barrena eta Xerpa, zoro-zoro, atzetik zaunkaka.

5. LANBROA

Gurasoek sekulako errieta egin didate:

—Okurritu ere ez horrelako balentriarik!

Haien ustez, irudimenak engainatu nau. Nik, ordea, baietz, Karle ikusi dudala errekatik hara, ikusi eta ez ikusi, bizkor-bizkor gertatu baita dena.

Nereak eskua ipini dit bekokian, ea sukarra dudan.

Burumakur goaz bueltan kanpinerantz, gurasoak sustoagatik eta ni sermoiagatik.

Inguruan ardien txintxarriak aditzen dira, baina lanbroa sartu da, lanbro umel lodia, eta ez dugu txintik ikusten.

—Agudo! Galdu egingo gara bestela!

Pagadirik ez. Errekarik ez.

Ez dakigu norantz jo eta arriskutsua da itsuka ibiltzea, amildegiren batetik jausi nahi ez badugu.

Tenperatura beheraka doa. Gure adorea ere bai.

—Eta oihu egiten badugu? —proposatu dut—. Baliteke baten batek entzutea.

Beraz, garrasika hasi gara, gauden tokian kieto.

—Laguntzaaa! Galduta gaudeee! Eeee!

Orduan, bi txamarra agertu dira, bata gorria eta bestea berdea, itsasontzietako argiak legez. Goizean ikusi ditugun bi gizonak dira.

—Borda bat dago hortxe bertan. Zatozte.

Eskerrak topatu gaituzten. Eskutik helduta abiatu gara.

6. HERIOTZAREN KARTA

Bordako atea zabaltzean, sua ikusi dugu piztuta. Goizeko mutikoa mahaia ipintzen zebilen, astiro-astiro: ogia, urdaiazpikoa, intxaurrak, txokolatea eta sagarrak.

—Hemen Beñat, gure semea.

Begirada tristeagorik…

Pentsatu dut lagunak izaten hasteko, egokia izan daitekeela sekretu bat konpartitzea. Horregatik, nagusiak kontu-kontari dabiltzan artean, nire bi kartak erakutsi dizkiot: LA FORCE eta LE MONDE.

Aho-zabalik geratu da.

—Nik ere topatu dut karta bat! —esan dit totelka, poltsikotik aterata.

Beñaten karta nirea baino askoz itsusiagoa da: eskeleto bat, kapa beltz batekin. Izena, LA MORTE, heriotza.

Hala ere, istriputik hona gauza arraroak gertatzen zaizkidanez, ez naiz espantuka hasi.

—Nor demontre ote dabil paraje hauetan kartak galtzen? —galdetu diot Beñati.

—Auskalo, baina ez dauka batere graziarik.

Eta txanoa kendu du bere buru soildua erakusteko.

Txistua irentsi dut. Orain badakit zergatik dagoen Beñat triste, zergatik den hain delikatua, bai hizketan, bai mugimenduetan: gaixorik dago.

Lasto gainean lo egingo dugu, zorro-zorro, nik behintzat: jende gehiegi gara hemen Bisitari Mutuak etortzeko.