Kopla zahar baten txoriak
1. KUKUA
Txiruliruli, txiruliruli, nork kantatuko ote du soinutxo hori?
Patxikuk bueltaka zeuzkan buruan amonaren hitzak. Ortzadarra kukuak onurara zabaltzen zuen ate bat zen. Horregatik, mendira joatean, txanpon bat eraman behar zuen beti patrikan, kukuaren kantua entzunez gero txanpon hori ukitzeko, eta urte osoan ezer falta ez izateko.
Patrikan txanponik bazuen begiratu zuen, eta mendira joan zen ortzadarra ikusi eta kukuaren kantua entzun nahian.
Bidean, zerua urdin-urdin zegoen. Hodeirik ez zen ikusten, eta eguzkiak indartsu berotzen zuen.
Zuhaitz baten itzalean eseri zen, etsita. Akabo ortzadarra. Euria beharrezkoa zen, aterian, ortzadarra ateratzeko… Hausnarketetan, lokartu zen.
Fresko sumatzean esnatu zen. Hodei beltz batzuek eguzkia estaltzen zuten. Euria zetorren. Mugitu behar zuen ez bustitzeko.
Baina berandu zen. Euri zaparrada hasi zen.
Etxera jaisteko denborarik ez zuenez, inguruan zegoen borda batean sartu zen.
Handik gutxira, euri tanta lodi haiek mantsoago erortzen hasi ziren, eta eguzkiak indar betean diz-diz egin zuen.
Orduantxe ikusi zuen Patxikuk ortzadar distiratsu bat zeru urdinean. Eta, harekin batera, «KUKU» kantua entzun zuen.
Irribarre batekin eskua patrikara eraman zuen, eta txanpona ukitu. Amonak arrazoia zeukan.
Baina txori gehiago zeuden basoan.
2. BIRIGARROA
Txiruliruli, txiruliruli. Nork kantatuko ote du soinutxo hori?
Birigarroa izango ote da?
Birigarroa izango ote da hain kanta polita airera zabaltzen duena? Ausartuko al litzateke?
Oso txori izuti eta bakartia da, baina kantuan garaile! Txorien arteko kantarik ederrena da berea; horregatik, abesten hasten denean, guztiak geratzen dira mutu, eta alkate dela diote.
Musikazale amorratua da. Behin batean, berandu arte geratu zen ospakizun batean. Gainerako hegaztiak ez ziren festara joan, habiak prestatu behar zituztelako. Baina birigarroari ez zitzaion axola izan kilkerren kontzertuaz eta apo eta igelen artean abestutako kanonez gozatzea.
Dena bukatu zenean, eta babeslekura Itzuli zenean, gainerako txoriek habiak eginak zituztela ohartu zen. Ez eragoztea erabaki zuen, eta bere habia egin beharrean, arrautzak besteren habietan jartzeko ohitura hartu zuen.
Horregatik, batzuek esaten dute birigarroak barkamena eskatzeko abesten duela, arrautzak beste hegazti batzuen habietan jartzeagatik.
Beste batzuek, berriz, uste dute haren kantua bizipoza adierazteko modu bat dela. Batek daki.
3. ZOZOA
Txiruliruli, txiruliruli. Nork kantatuko ote du soinutxo hori?
Zozoa izango ote da?
Ez. Martxoak ez du gogoko zozoak habia egiten ari denean ateratzen duen zarata; horregatik, apirilari egun batzuk eskatu dizkio, txoritxo hori desagerrarazteko. Apirilak baietz esan dio.
Lehenik, elurte handi bat sortu du, zozoak habiak egiteko adartxoak eta bizitzeko beharrezkoa duen janaria estaltzeko.
Baina zozoa indartsua denez, janaria harri tartean bilatu du. Bilaketa horretan, mokoa galdu du zozo gaixoak.
Martxoak, haserre, izugarrizko ekaitza eragin du, zozoa ito nahian.
Zozoak oso altu egin behar izan du hegan ekaitzetik urruntzeko, eta hegal bat galdu du.Martxoak, orduan, izugarrizko uholdea sortu du. Errekek gainezka egin dute, eta bidean aurkitu duten guztia aurrean eraman dute.
Zozoak igerian hasi behar izan du, eta hanka galdu du.
Halere, zozo gaixoak ezin izan du eguraldi hori jasan, eta hil egin da. Haren omenez, martxoko azken egunek eta apirileko lehenengoek zozomikote izena hartzen dute.
Nola kanta, nola txirula, nola kanta zozoak?
4. TXEPETXA 1
Txiruliruli, txiruliruli. Nork kantatuko ote dusoinutxo hori?
Txepetxa izango ote da?
Eguzkiari eta argitasunari esker berpizten da txoritxo hau. Baina bere nortasuna ez du distiratzen, ingurukoek ez baitute ahazten egin zuen tranpa ikaragarria.
Zaharrenen esanetan, antzina, Izpiritu Onak hau hitzeman zien txoriei: eguzkiaren lehen printza gorriak azaldu orduko, ahal bezain gora hegan egindakoek han aurkituko zutela beren kanta. Zenbat eta gorago egin, orduan eta abesti ederragoa.
Txori guztien artean, erabat etsita zegoen bat: txepetxa. Ondo zekien arranoaren ondoan ez zuela deus egiterik, eta ezin izango zuela lortu kanturik politena. Orduan, ideia bat piztu zitzaion buruan: arranoaren lumapean ezkutatuko zen, ahalik eta goien izango zen kantu ederraren jabe bihurtzeko.
Adostu bezala, txori guztiak hitzordura joan ziren, eta hegan egiten hasi ziren.
Denbora luzean aritu ziren txoriak gora eta gora, ahal zuten bezain gora iristen saiatzen. Baina, nekearen eraginez, ahuleria nagusitu zitzaien, eta beherantz abiatu ziren hegaztiak emeki-emeki. Hori gertatu ahala, animalia bakoitzak entzuten zuen zegokion kanta. Lurrera heltzen zirenerako, buruz zekiten betiko.
Guztiek aurreikusi zuten bezala, hegazti indartsuena —arranoa, alegia— bakar-bakarrik geratu zen zeruan, hegalak zabalik. Eta haren luma artean, goxo-goxo eta lotan, nor eta gure txepetxa, ezkutaturik.
5. TXEPETXA 2
Txiruliruli, txiruliruli. Nor kantatuko ote du soinutxo hori?
Txepetxa izango ote da?
Antzina Izpiritu Onak hitzeman zien txoriei eguzkiaren lehen printza gorriak azaldu orduko ahal bezain gora hegan egin zutenek han aurkituko zuela bakoitzak bere kanta.
Guztiek aurreikusi zuten bezala, hegazti indartsuena arranoa izan zen. Bakar-bakarrik geratu zen zeruan, hegal zabalik. Eta haren luma artean, goxo-goxo eta lotan nor eta gure txepetxa, ezkutaturik.
Arranoa nekatu zenean, eta beherako bidea hartzear zegoenean, txepetxa esnatu zen, salto egin zuen, eta zeruan gora baino gorago hegan egin zuen, etsi gabe, beti gora, abestirik ederrena, zoragarriena eta maitagarriena entzun arte.
Kanta hura ondo ikasi zuenean, beherantz abiatu zen berriro. Baina lurreratu bezain pronto, txori guztiak isil-isilik eta begira-begira ikusi zituen. Segituan ulertu zuen haren sekretua agerian geratu zela, eta haiek ondo zekitela miresmenik ez zuela merezi. Azken finean, arranoa zen meritu osokoa.
Hori dela eta, ez da erraza sagarraren adarraren puntan, puntaren puntan bera izatea kantari, txiruliruli, txirulirula.
6. TXANTXANGORRIA
Aldapeko sagarraren adarraren puntan, puntaren puntan, txoria zegoen kantari.
Txiruliruli, txirulirula. Nork kantatuko ote du soinutxo hori?
Txantxangorrik, akaso?
Ez. Bera ez dabil txio-txioka, txan-txanka baizik.
Bularra gorri-gorria du. Zergatik?
Batzuen esanetan, txepetxarekin egindako borrokagatik:
Dirudienez, txantxangorriak txepetxa ez du begiko. Egunen batean mokoka hasi ziren biak. Azkenik, txantxangorriak zauritu zuen txepetxa, eta haren odol ttanttak bularra margotu zion.
Beste batzuen arabera, Amalurri laguntza emateagatik:
Txantxangorriak ondo zekien baserri isolatu batean bizi zela Etsai, eta, gauez, musika eta algararen bitartez, gizakiak erakartzen zituela inguruko larrean iltzatzeko gero, ihes egin ez zezaten. Amalurri esan zion.
Hori jakinda, Amalurrek zigortu nahi izan zuen Etsai. Gau hotz eta ilun batean baserria aurkitu, eta su eman zion. Gero, gizakiak atxikitzen zituzten iltzeak kentzen hasi zen.
Baina Etsaik, orduan, suaren gainera bota zuen bere mantua sua itzaltzeko.
Txantxangorrik ikusi eta txingarretan putz egin zuen, eta berriro bizitu zuen sua.
Txinparta txiki bat erori zitzaion bularrean, eta tindatuta geratu zen betiko.
7. TXEPETXA ETA TXANTXANGORRIA
Txiruliruli, txiruliruli.
Nork kantatuko ote du soinutxo hori?
Txepetxa izango ote da?
Txexepetxa ibiltzen da udaberrian, udan eta udazkenean, edozein txokotan, beti arin-arin, beti alai. Baina negu gorrian, urtea bukatzear dagoenean, basorako bidea hartzen du, eta han ezkutatzen da. Akaso txantxangorriaren beldurrez?
Izan ere, txantxangorria ez da azaltzen udaberrian, oso gutxi udaran, eta udazkenean, tira, noizbehinka, baina, abendu aldera, nonahi azaltzen da.
Horregatik, ez litzateke harritzekoa txepetxa izutzea, negu gorrian txantxangorriak hartzen baitu preso. Hura hiltzeko premia omen du.
Batzuen esanetan, txantxangorriak txepetxa ez du begiko. Ondo daki bera nagusi izateko txoritxo txiki hori paretik kendu behar duela. Oroigarri gisa du bularra. Egun batean, txepetxak ez zuen baztertu nahi, eta mokoka hasi ziren biak. Azkenik, txantxangorriak zauritu zuen txepetxa, eta haren odol ttanttak bularra margotu zion.
Ai, txepetx gaixoa, bera alboratu behar, txantxangorria garaile ateratzeko txantxate.
Txantxangorria txantxate
Xoxua dela mediante
Eta birigarroa alkate
Txepetxa preso sartu dute.
8. TXEPETXA PRESO
*Txantxangorria txantxate
xoxua dela mediante
eta birigarroa alkate
txepetxa preso sartu dute
Txepetxa preso? Bai. Urtea bukatzear zegoela, gazte batzuk, lizar-makilak eskuan hartuta, txepetx bila atera ziren. Harrapatu, eta kristalezko kaiola batean sartu zuten.
Txoritxoa izuturik zegoen.
Ilara batean jarri ziren gazte haiek, eta prozesioan bezala eraman zuten kaiola, aldare batera heldu arte.Zer egingo ote zuten?
Eguberriak zirenez, txepetxa akabatu behar zutela esan zuten. Hura zela urtea bukatzeko modurik onena, eta bizitzaren zikloa berriro hasteko biderik egokiena.Txoritxoa izutua baino izutuago zegoen.
Eta, orduan, txantxangorria azaldu zen txantxate, eta hitza hartu behar zuela esan zuen serio.
Handik aurrera bera izango zen nagusia. Baina ez betirako, urtaroak pasatu ahala zozoak, birigarroak eta txepetxak beren tokia hartuko baitute.
Horrelaxe baita euskaldunok bizitzaren zikloa ulertzen dugun modua.