Liburuak nire begi magikoak dira

Nerea Loiola

1. GALDERAK

Orain dela urte asko, errepiderik ez zegoen denboretan, kukua nonahi entzuten zen sasoietan, Loiara izeneko neskato bat bizi zen basoaren aldamenean zegoen herrixka batean.

Garai zailak ziren, gerraoste guztiak izaten diren moduan. Helduek pobreak zirela errepikatzen zuten gau eta egun; pobreak eta zorigaiztokoak.

—Begira haur gaixo horiek, zapatetarako ere ez dute eta! —esan zuen emakume batek Loiara bere neba-arrebekin aldamenetik igaro zenean.

Loiarak bere oin biluziei erreparatu zien, emakumearen errukia ulertu ezinik.

Etxerakoan, amari galdetu zion:

—Zer da pobrea?

—Atarira atera eta eguzkia gosaltzen duena da pobrea —erantzun zion amak.

Loiarak galdera gehiago egin nahi zizkion amari, baina honek alde egiteko keinua egin zion eskuaz eta bere lanetan jarraitu zuen.

Izan ere, jakin-min handiko neska zen Loiara. Haren gogoan galderak sortu ohi ziren etengabe.

—Zergatik aldatzen da itxuraz ilargia? —galdetu zion behin aitari.

—Zergatik hazten dira zuhaitzak?—galdetu zion behin ahizpari.

Amonarengana joan eta galdetu zion:

—Zergatik izarrak ez dira zerutik erortzen?

Amonak, harriturik, magalean eseri zuen biloba txikia eta irribarre xamurrez esan zion:

—Opari bat egingo dizut, Loiara.


2. OPARIA

Amonak bere gelara eraman zuen Loiara eta ohearen oinetan zeukan kutxatzarra zabaltzeko eskatu zion. Zur eta lur begiratu zion neskatoak, betidanik jakin nahi izan baitzuen zer gordetzen zuen amonaren kutxa handiak, baina debekatuta zeukaten.

Haritz-enborrezko tapa oso astuna zen eta Loiarak sekulako ahalegina egin behar izan zuen barruan zer zegoen ikusi ahal izateko.

—Zer dira hauek?—galdetu zion amonari, halako ezer ikusten zuen lehen aldia baitzen.

—Liburuak dira—erantzun zion amonak.

—Eta, zertarako balio dute liburuek?

—Irakurtzeko.

—Zer da ikarurtzea?

Amonari barregura eman zion bilobaren galderak eta, erantzun ordez, leihoaren ondoan zegoen kulunkaulkian eseri zen eta esan zion:

—Hartu gehien gustatzen zaizuna eta zatoz ona.

—Liburu bat oparituko didazu? — galdetu zion neskatoak pozez txoratzen, azalik koloretsuena zuena aukeratzen zuen bitartean.

—Ez! Hori baino hobea da egingo dizudan oparia.

—Liburua ikarurriko didazu? —galdetu zion Loiarak irrikaz.

—Ez! Hori baino hobea da egingo dizudan oparia —amonak barrez.

Loiara amonaren magalean eseri zen eta ezinegonak eta grinak hartuta galdetu zion:

—Zein da, amona? Zein da nire oparia?

—Irakurtzen erakutsiko dizut.


3. BAI IKASI ERE!

M eta A MA irakurtzen zela irakatsi zion lehendabizi amonak. M eta E ME irakurtzen zela ondoren. M eta I MI irakurtzen zela bakar-bakarrik asmatu zuen Loiarak, oso neska azkarra baitzen. Berehala, hitz batzuk irakurtzeko gai zen:

Men-di-a.

E-rre-ge-a,

E-guz-ki-a.

—Amona, zer dio liburu honek eguzkiari buruz?

—Hartu lasai, txiki, laster izango zara galdera horri zeure kabuz erantzuteko gai.

Letrak eta hitzak ezagutu zituenetik, Loiarak ez zeukan beste ezer buruan. Saiatu eta saiatu, aritu eta aritu, laster ikasi zuen neska txikiak irakurtzen.

Bai ikasi ere!

Beti liburu bat eskuan, oinez ibiltzeko ere ez zuen burua paperetik altxatzen. Baserriko lanak egin bitartean ere aldiro topatzen zuen liburua non jarri; bazkaltzen berdin, isilik eta burua orri artean ahoratzen zuen jateko zuten apurra. Esnatzean egiten zuen lehen gauza eta oheratzean egiten zuen azkena irakurtzea zen. Neba-arrebak sarri biltzen zitzaizkion sutondoan istorio zirraragarriak entzuteko gogoz; eta amonak ere egunero eskatzen zion zerbait irakurtzeko, haren begi nekatuek ezin zuten eta.

Amonak iragarri bezala, Loiarak jada ez zuen lehen bezainbeste galdera egiten, liburuetan bilatzen zituelako haientzako erantzunak.


4. ITSASOA

Egun batean, Loiara haritz handi baten itzaletan eserita zegoen, itsasoari buruzko liburu bat gogo handiz irakurtzen.

Hain zegoen istorioan murgildurik, ez zuela ama gerturatzen sumatu.

—Utz ezazu liburua eta eraman iezaiozu aitari jatekoa —esan zion amak eta otar bat jarri zuen alabaren oin hutsen aldamenean.

Neskatoak, ezer aditu izan ez balu bezala, burua liburutik altxatu gabe, esan zion amari:

—Badakizu itsasoak gora eta behera egiten duela? Marea biziak arriskutsuak izan daitezke marinelentzat.

—Ai, nire Loiara jakinguratsua…—egin zuen hasperen amak—. Zer axola dizu sekula ikusiko ez duzun itsasoak?

Neskatilak burua altxatu zuen eta amari begiratu zion, dir-dir egiten zioten begiek.

—Baina, ama, nik ikusi dut itsasoa.

—Zer diozu, ume?—amak pixka bat haserre, gezurrak ez baitzituen batere maite.

—Hemen —erantzun zion Loiarak eskuarekin bere burua doi-doi kolpatuz—. Irakurtzen dudan bakoitzean ikusten dut, eta baita begiak ixten ditudanean ere.

Amak harriturik begiratu zion, ulertu ezin duenaren begiradaz.

—Tira, utzi txorakeriak, aita goseturik egongo da eta eraman iezaiozu jana berandu baino lehen.

Loiara liburua eskuan zuela altxa zen, eta otarra harturik basoan barneratu zen.