Nire musika-kaxa

Antton Kazabon

BAT

Logelako txoko batean dagoen nire egurrezko sehaska txikian, hantxe dago oraindik nire egurrezko musika-kaxa txikia. Bueno, txikiak orain iruditzen zaizkit. Ni txikiagoa nintzenean nire inguruko gauza guztiak handiak ziren niretzat.

Katuka nenbilenean ez nintzen inora heltzen. Eta zutik hasitakoan ere beti hanka puntetan jarrita, inora ezin iritsi, ezin deus ere ikusi.

Baina orain txikiak iruditzen zaizkit oso, orduan niretzat handi ziren haiek. Halere, batzuetan sartzen naiz oraindik ere nire sehaska txikian. Ez dakit nola, baina kabitzen naiz. Eta bertan pilota bat bezala kiribilduta nagoenean, musika-kaxa txikia ere jartzen dut martxan, kirrin-kirrin malgukiari eraginez.

Niretzat oso polita da aspaldiko oroitzapen haiek guztiak tarteka gogora ekartzea.

Amak oparitu zidan musika-kaxa ere izugarri handia iruditu zitzaidan orduan. Bi eskuak behar izaten nituen nire jostailu maitea batetik bestera mugitzeko edo martxan jartzeko. Bularraren kontra estu-estu hartzen nuen lurrera erori eta hausteko beldurrez.

Harexekin hartzen nuen lo gauero.

—Aitatxo, musika! Musika, aitatxo!

—Banoa! Oraintxe! Banoa!

Aitak behin eta berriz eragiten zion kirrin eta kirrin, kaxatxoak atzean duen malgukiari, kuerdatxoari.  Eta nire BINBILI BONBOLO kantarekin hartzen nuen lo.

Nik nahiago izaten nuen aita nirekin geratzea nik lo hartu arte, baina ezin izaten zuen. Ez zuen horretarako denborarik izaten. Musika-kaxa martxan jarri, bi musu eman eta joan egiten zen.