Xut

Ruben Ruiz

1. BAT

Autora igotzeko agindua jaso zuenean, gris koloreko zeru beteari begiratu zion Xutek. Burua goratzean, iparraldetik zetorren haize finaren freskura sumatu zuen mutur beltz hezean.

Salto batean igo zen maletategira, beste askotan bezala, azkenekoa izango zela jakin gabe.

Hiru hilabete ziren karrera batean huts egin zuela; beste bi aukera eman zizkion nagusiak: bietan kale egin zuen.

Morrisen etxean lehenengo postuak balio zuen soilik, bigarrena hutsaren hurrengoa zen. Kolore bat eta bakarra maite zuen gizonak: dolarraren berdea.

Ordu erdira, gutxi gorabehera, autoa gelditu zen. Maletategiko atea ireki zenean, kontu handiz, lepokoa kendu zion txakurrari Morrisek.

—Jada ez zara lepoko hau eramateko nor —diamanteen dirdira agerian geratu zen farolaren argitan.

Sabelaldetik heldu eta eskaileran gora igo zuen Xut. Txakurtegiko hesiaren goi aldera iritsi zenean, animalia airean utzi zuen. Hiru segundo geroago, negar-ulu isila zabaldu zen inguruan.

Atzera begiratu gabe, Morrisek eskailera jaso eta etorritako bidetik urrutiratu zen. Xuten txakurkumeak zituen zain.


2. BI

Ia mugitu ezinik, eroritako tokian, hotzez eta euri egoskorraren azpian eman zuen gau luzea Xutek.

Farolak itzali zirenean, urrutian, aterki baten babesean, pertsona baten itzala sumatu zuen. Burua altxatu bai, baina gorputzak ez zion jarraitu.

Bistaz galdu behar zuenean, etsipenez betetako zaunka egin zuen airera. Aterkidunak burua jiratu zuen eta, zaunka nondik zetorren asmatu ezinda, hara eta hona, infinituari begira ibili zen.

Luze gabe, neska gazte bat makurtu zen Xuten ondoan. Eskuaren kanpoaldea usainduta, aurrekoaren ontasuna jaso zuen txakurrak.

—Zein bihozgabek utzi zaitu hemen botata? Ez mugitu, berehala nator —esan zion, burua laztantzearekin bat.

Xuten kantu errukiorrak ezin jasanda, txakur-kaxa bazterrean utzita, mina emango ziola jakinik, ahalik eta tentu handienarekin, lurretik hartu eta bere magalean bildu zuen neskak.

Albaitaria agertu zenean, plaken beharrik gabe, lehen begiratuan atera zituen ondorioak, eta horrela mintzatu zitzaion zaintzaileari:

—Ezker hanka hautsita du, Liz. Bizirik nahi badugu, ebakuntza berandu baino lehen egin beharko zaio. Gaiz aldatuz, kuriositatez, hau ez al da Xut txakur lasterkari ospetsua?


3. HIRU

Xut berreskuratze-gelan esnatu zenean, zauria zirika ez zezan albaitariak buruan jarritako tramankulua kentzen saiatu zen. Nekeak eta etsipenak behartuta, begiak itxi eta denboran atzera egiteko baliatu zuen.

«Mendira atera ninduen lehenengo aldiarekin oroitzen naiz, gaur izango balitz bezala. Urte erdia izango nuen. Erbi bat ikusi eta senak deituta haren atzetik abiatu nintzen, bizitza osoa horretan eman izan banu bezala. Denbora gutxira, erbia Goikoren oinetan utzi nuela gogoratzen naiz, buztana alde batetik bestera dantzan nuela.

Goikoren talo-begiak ez zaizkit gogotik kentzen. Zer egin jakin gabe, azkenerako, saihets aldean kolpe neurtuak emanez zoriondu ninduen.

Etxeratzean, ordenagailuaren aurrean orduak eman zituen Goikok.

—Ikusi duzu berriki bidali dizudan bideoa, Morris? —mintzatu zen Goiko ingeles eskasean.

—Ez dut ba ikusia izango!! Txakur hori niretzat nahi dut. Urrezkoa egingo nau. Zer izena du? Argia baino azkarragoa da, tiro bat dirudi.

«It´s faster than light, it´s like a shot», Morrisen hitzetatik azkena iltzatu zitzaion Goikori ganbaran. Horrenbesterako, bigarren aldiz bataiatu ninduela orduantxe, Lagun izatetik Xut izatera pasatuz».


4. LAU

Liz serum-botila aldatzeko gelan sartu zenean, Xut orainera bueltatu zen, eta hankako mina sentitu zuen berriz.

Esku onetan zegoela jakitearen lasaitasunarekin, Liz desagertzean, iraganeko denboretara itzuli zen berriz.

«Aireportura iritsi ginenean, azken agurraren aurretik, mila laztan eta musu eman zizkidan Goikok. Gero, malkoen artean, kaiolan sartu ninduen.

Abioiaren sotoa maletaz gainezka zihoan. Haiekin animalia guztiak gindoazen, bakoitza bere kaiolan.

Nire aurrean tximino txiki eta urduri bat egokitu zitzaidan, geldirik eta isilik geratzen ez zena. Bere kaiolako giltzari eraginda, irekitzea lortu zuen. Ezustean, gainerako kaiola guztiak irekitzen hasi zen.

Nirea zabaltzean, muturra atera eta ziztu gorrian zihoan untxi txuri bat ikusi nuen ihesean. Ezin eutsiz, atzeko hankek plastikozko kaiolan laprast egiten zidatelarik, untxiaren atzetik abiatu nintzen.

Ia-ia ahoko zuloan nuela, belarrietatik heldu eta oso-osorik irentsi zuen bidera atera zitzaigun boa gosetu batek.

Beldurturik, buztana hanken artean, nire kaiolara itzuli nintzen berriz. Gainerako animalia guztiek berdin egin zuten, baita tximino bihurriak ere.

Handik aurrera, sotoan isiltasuna izan zen nagusi».


5. BOST

Bozgorailua aktibatuta, telefonoz hitz egiten hasi zen Liz; bere gogoetatik atereaz Xut.

—Bai?

—Egun on. Morris jaunarekin hitz egin nahi nuke, mesedez.

—Ni naiz. Zer nahi duzu?

—Xut izeneko galgo bat agertu da bart Floridako txakurtegi nagusian, eta, bere txipak dioenez, zu zara bere nagusia. Egia al da hori?

—Ea, nola azaldu? Atzo arte nire zaintzapean egon da, baina ez da inoiz nire-nirea izan.

—Ez dut ondo ulertu, saiatu hobeto azaltzen. 

—Esan dezagun alokairuan nuela. Karrerak irabazi bitartean nire zaintzapean zegoela, baina lasterketak galtzen hasi orduko, bere jabearekin itzultzekoa zela.

—Eta…

—Bada, azkeneko hiru karrerak galdu dituela, eta sinatu genuen kontratuak jasotzen duen bezala: Xuten inguruko ardura guztietatik libre naizela.

—Ados, baina zergatik ez diozu jabe berriari zuzenean eman? Edo guri eskura? Lau metrotik erortzen uztea… Hori ere kontratuan jasota zegoen? Egin duzunak ondorio oso larriak izan ditzakeela badakizu, ezta?

—Ez nazazu epailearen aurrera eraman, faborez. Sortutako gastu guztiei aurre egingo diet, lasai egon alde horretatik. Bestalde, ezagutzen dut txakurraren ardura hartuko duena.

—Ados. Zein da bere izena?

—Goiko. Fermin Goikoetxea. 


6. SEI

Xut operatu eta hiru aste beranduago, berreskuratze-gelatik kanpo lo egiten hasi zen.

Hautsitako hanka ezin zuen oraindik lurrean jarri; mina hartzen zuen saiatuz gero.

Behin, kanpora atera zuten lehenengo aldian, border collie bat gerturatu eta zera esan zion:

—Barkatu, Lassie naiz. Zure kaiolaren aurrean egiten dut lo. Ekarri zintuztenetik gauza bakarra dut buruan: ezagutzen zaitudala esango nuke.

—Ez dut uste, beste batekin nahastuko nauzu.

—Zu ez zara karreretan ibiltzen dena? Errekorra hautsi zuena? Argia bera baino azkarragoa dena? Time aldizkarian agertu zena?

—Ummm—zalantzati, zer erantzun jakin gabe—, lasterketa batean parte hartzeko ikusten nauzu? —esan zuen azkenean.

—Eee, ez, baina zu zara?

Burua makurtu eta, lotsaz blai, bera zela aitortu zion.

—Ezin duzu imajinatu zenbat miresten zaitudan, benetan. Zenbat gau eman ditudan zure karrerak ikusten. Baina, horrelako txakur ospetsua izanda, nola zaude hemen?

—Pentsa ezazu apur bat, ez zaizu asko kostako arrazoia aurkitzen.

—Galtzen hasi zinelako?

—Horixe bera, ni karreretan baino azkarragoa zara zu igarkizunak asmatzen.


7. ZAZPI

Gaueko giro lasaian, Lassiek bere jakin-mina asetzeko aprobetxatu zuen.

—Konta iezadazu guztia hasieratik, mesedez, Xut.

—Hasieratik kontatzea, zer?

—Munduko txakur azkarrena izatera iritsi zinenekoa.

«Lehenengo urtea bete gabe iritsi nintzen hona: Floridara. Morris jaunak jaso ninduenean luxuan murgildu nintzen. Atera kontuak, ikusi bezain laster, diamanteekin jositako lepoko bat jantzi zidan.

Munduko entrenatzaile, fisio eta nutrizionista onenak jarri zituen nire zerbitzura. Burbuila baten barruan bizi nintzen: entrenatu, jan eta lo; ez nuen besterik egin behar. Morris jaunaren etxea zaintzeko bestelako txakurrak zeuden: dobermanak.

Batzuetan, entrenamenduak aire librean egiten nituen, Morris jaunak bere lursail amaigabeetan zuen kanodromoan. Benetako karrera bateko giroa lortzen saiatzen zen, bozgorailuetatik ikusleek sortutako burrunbaren grabazioa entzun zitekeen adibidez.

Beste batzuetan, okasiorako prestatutako gela batean entrenatzen nintzen. Altitude handian egindako entrenamenduen parekoak ziren horiek. Asko kostatzen zen arnasa arin hartzea, baina gero, gela horretatik aterata, zeinen erraza zen guztia: korrika azkarrago eta neke gutxiagorekin egiten nuen».