1 / 2

Presoak:

99.000

99.000 euskal preso, 1938an Eusko Jaurlaritzaren 1938ko martxoko txosten baten arabera, ia 100.000 preso zeuden Francoren jazarpen sarean preso: 9.150 Araban, 29.350 Bizkaian, 14.500 Gipuzkoan, 16.000 Nafarroan eta 30.000 kontzentrazio eremuetan eta langile batailoietan. Santoñan, berriz, 6.300 preso egon ziren txosten horren arabera.

Saturrarango (Mutriku, Gipuzkoa) preso taldea, ume eta guzti, datatu gabeko argazkian.

20.187

estatu indarretako kideak, 1940an

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 1940an 20.000tik gora militar, polizia eta guardia zibil zeuden Hego Euskal Herrian, ofizialki gerra bukatutzat eman berri zutenean. Herrialdeka: Araban 5.015; Bizkaian 2.028; Gipuzkoan 6.131; eta Nafarroan 7.013

Euskal Herritik kanpoko orduko kartzela guztietako fitxategietan aurki daitezke euskal presoen izenak. Cadizko Puerto de Santa Mariakoan (Espainia) egon ziren gehien, hemendik 1.000 kilometrotara. Burgosko espetxea izan zen, hala ere, euskal preso talde handia jasotzen lehena: 600 preso jaso zituen.

Espetxeratzeak zeinen arruntak ziren ezin argiago erakusten duen datu bat: 1940an, errolda egin zuen Espainiako Estatitiska Institutuak, eta bertan jasotako 128 lanbideen artean: “preso” izenekoa ageri da. Errolda haren arabera, guztira 8.695 preso zeuden Hego Euskal Herrian orduan: 6.455 gizon eta 2.240 emakume (1.545 Gipuzkoan, Saturrarango kartzelagatik). Herrialdeka: 704 Araban, 2.518 Bizkaian, 2.501 Gipuzkoan eta 2.972 Nafarroan. Beste asko, Euskal Herritik kanpo ari ziren betetzen Francori aurre egin izanagatik jasotako zigorra.

Presoen traslado irudiak, Irungo mugara.

Langile behartuak

Langile Batailoiak 1937an sortu zituzten, Bizkaia erori berritan, Presoen Kontzentrazio Eremuetako Ikuskaritzaren (ICCP) menpe, epaitu gabe sailkatutako gerra presoak lanean jartzeko. Gero etorri ziren Diziplina Batailoiak, BDST Soldadu Langileen Diziplina Batailoiak eta Zigortuen BDSTak. Berreraikuntzan eta azpiegitura berriak egiten erabili zituzten asko. Enpresa pribatuen mesederako ere erabili zituzten langileok.

Naval, Babcock Wilcox, Dinamita, Talleres Miravalles, SAPA... hamaika enpresa pribatuk atera zion etekina Francoren esklabo sareari. Bizkaiko hainbat meatze jabe izan ziren aitzindari horretan, herrialdea militar kolpisten esku erori orduko. 1937ko irailean, Meatzari Zirkuluko eta Presoen Kontzentrazio Eremuen Ikuskaritzako ordezkariak bilerak egiten hasi ziren, presoak meatzari lanetan jartzeko. 3.000 preso langile beharko zituztela kalkulatu zuten, eta Camara Minera prest agertu zen denentzako barrakoiak prestatzeko. Langileei ezarri beharreko araudian ere aitzindariak izan ziren meatze arlokoak.

38. Diziplina Batailoiko kideak, Aiako Harrietan. Erronkari eta Oiartzun bitarteko errepideak egin zituzten, besteak beste. FRANCISCO ALONSO

1942ko abenduan, BDST gehienak desegin ziren, Zigortuenak izan ezik. Horiek guztiak nahikoa ez, eta Lanaren Bidez Zigorra Kitatzeko Sistemaren baitan, epaitutako milaka preso lanean aritu ziren espetxeetan 1938tik aurrera. Kontzentrazio eremuetakoak ez bezala, espetxeetako lanak enpresa pribatuek kudeatu zituzten, estatuari presoak kontratatuz.

gerra presoak, Sukarrietatik Bermeorako trenbidean lanean, guardia zibilen zaintzapean. TRENBIDEAREN EUSKAL MUSEOA

Presoak lan behartuetan, Hego Euskal Herrian

Preso esklabo kopurua, urtez urte (1937-1945)