Lehen urratsak

Errepublikak abiarazitako erreformen aurkako indar politikoak eta botere faktikoak berehala hasi ziren lanean, belaunaldiz belaunaldi finkatutako beren pribilegioak kolokan jartzen zituen sistemaren azpiak jateko.

Hala, armadako kide kontserbadoreenak, Espainiako konstituzio berriarekin pribilejioak galdu zituen Eliza katolikoa, patronala eta lurjabe handiak, eskuin monarkikoa (Euskal Herriko karlistak barne) eta Jose Antonio Primo de Riveraren Falange faxista, Fronte Popularraren agintea eraisteko lanetan hasi ziren, bakoitza bere aldetik. 1936ko otsailaren 8an, esaterako, Iruñeko guarnizioko zazpi ofizial elkartu ziren Nafarroako hiriburuko Cuevas jatetxean. UME Espainiako Batasun Militarreko kideak ziren denak, Lastra kapitaina egiten zen guztien buru, eta errepublikaren aurka jotzea erabaki zuten, astebete geroago estatu osoan deituta zeuden bozetako emaitzak edozein izanik ere.

Erreketeak Urbasan, ariketa militarretan trebatzen, 1936ko uda baino lehenagoko argazkian.