Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Festara!

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Dantzara! Festa eta dantza hastera doa. Dantzakideak ezohiko bikote bat dira: Erresuma Batua Europako Batasunetik kanpo aterako duen lehen ministro bat (Theresa May), eta AEBak bere azken 70 urteetako bidetik atera nahi duen presidente bat (Donald Trump). Eta dantzari begira, beste guztiak,Mayk eta Trumpek indarrean jarri nahi dituzten iraultzek nola eragingo diguten asmatu nahian.

2016an mundua aztoratu zuten ezusteko gertakarietako bi 2017an hasiko dira beren arrastoa uzten. Ekainaren 23an erabaki zuten britainiarrek EBtik ateratzea, baina hori gauzatzeko negoziazioak udaberri honetan baizik ez dira hasiko. Azaroaren 8an hautatu zuten estatubatuarrek inoizko lehendakarigai destroyer-ena, baina ostiral honetara arte ez du boterea hartu.

[Donostiarrei] oihu egitera gatoz. Mayk EBri mehatxu eginez hasi du bere negoziazioa, horrekin dibortzio merke bat ez ezik, merkataritza itun txukun bat ziurtatuko diolakoan. «Akordio txar bat baino hobea da akordiorik ez egitea», esan du, eta ohartarazi du adostasunik ez izatea «kalamitatea» izango dela... EBrentzat. Prest dago Erresuma Batua zerga txikiko —eta lan eta ingurumen arau are txikiagoko— paradisu ultraliberal bat bilakatzeko. Paradisu fiskalei buruz aski daki Londresek —Jersey, Man, Birjina uharteak eta antzekoen babeslea da—, baina ildo hori ez dator bat Mayk brexit-aren eszeptikoei saldu nahi dien hasiera berriarekin, elite baten interesei mugak jarri eta justizia soziala nagusi den herrialde batekin. Ez dira hor amaitzen Mayren kontraesanak: Erresuma Batua «merkataritza librearen ikur» bilakatu du, noiz eta hori bermatzen duen eremu handienarekin hautsi duenean, etorkin gutxi batzuei atea ixteko.

Mehatxu hori Europari buruzko maitasun hitzekin konbinatu nahi izan zuen Mayk. «Europako Batasunetik goaz, baina ez Europatik». Horretan oraingoz bereizten da Trumpengandik, hark txikitu nahi dituen egituren artean baitago Europako Batasuna bera —harritzekoa ere ez da, Le Pen eta Farage adiskide dituela kontuan hartuta—. Kargua hartu, eta erabaki bakoitzaren pisua neurtzen hasten denean, Trump otzanduko den itxaropena dute Europako hiriburuetan, baina, gaur-gaurkoz, nekez irudika daiteke halakorik: 70 urtez modu jakin batean jokatu duen gizon bat orain aldatuko dela pentsatzea ez dirudi oso errealista, egozentrismoak, harrokeriak eta ahoberokeriak dagoen lekuan jarri dutenean.

Trumpen oihuak txio moduan iritsi dira orain arte. Autogileekin hasi du «AEBak handi egiteko» bere gurutzada, eta oraingoz ez du kexatzeko arrazoirik: presidente berriarekin hasieratik ez muturtzeko, autogile ia denek agindu dute AEBetan gehiago inbertituko dutela Mexikoren kaltetan. Europarren aurkako presioa BMWrekin hasi du, Alemaniarekin.

Inauteriak datoz: Oraingoz, mozorrorik onena Xi Jinpingena izan da. Ez dakiguna da kapitalismoaren defendatzailez mozorrotu den, ala komunistaz. Baina garbi dago ez dela erraza mundua ulertzea: ofizialki komunista den Txinako presidenteak globalizazioaren defentsa sutsua egin du aste honetan, non eta mundu kapitalistaren katedralean, Davosko foroan. Agian lortuko du EBk ekialdera begiratzea, mendebaldera begiratu beharrean.

Gu beti pozez, beti alai. Pozik, oraingoz, Trumpen eta brexit-aren jarraitzaileak, partida irabazten ari direla uste dutelako. Baina partidek, denok dakigun bezala, 90 minutu irauten dute. Ikusiko dugu zer gorputzaldi geratzen zaien lehenei Trumpek industrian agindutako milaka lanpostuak iristen ez badira; edo gustura hartuko duten presidentea inguratuko duen finantza eliteak bere joera naturalari jarraitzen badio. Eta ikusiko dugu kontinentearekin muga bat jartzeak ondorio txarrak eragiten baditu —eta hala izango zela uste zuen Mayk, erreferendumera arte bederen— brexit-zaleek zer dioten. Festak eta dantzak ez baitira betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.