Samara Velte.
BIRA

Oihartzuna

2016ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Errefuxiatu siriar bat hil da Alemanian, jaialdi batean lehergailu bat zartarazi duenean». Titular horixe irakurri dugu gertuko egunkari batean, eta ideia lazgarri bat ekarri digu segituan: halako izenburu batek gizarte xenofoboaren aurreiritzi okerrenak baino ez ditu berpizten.

Artikuluaren gorputzari erreparatzen dion irakurleak ikasiko du albistearen protagonistak ez zeukala afiliazio politikorik; ostera, buruko gaitza zeukala, eta Alemaniako administrazioak asilo eskaera ukatu ziola. Iritsi berrientzako harrera zentroei buruzko zer edo zer irakurri duenak ere pentsa dezake etxeok ez dutela gehiegi laguntzen ingurunea maitatzen. Baina titularrarekin soilik geratu denak gertakari osoaren zati hauxe daki: lehergailua zartarazi duen gizonezkoa errefuxiatua zela.

Artikuluaren egilea ahalegindu daiteke bere burua zuritzen, esanez titular horrek ez dituela iheslari guztiak demonizatzen, kasu honetan hala gertatu dela eta berak gertatua baino ez duela deskribatu. Baina esanahiak ez dira soilik sortzen unean-unean ahoskatutako edo idatzitako hitzekin: inork inoiz esandakoen oihartzunarekin ere elikatzen dira. Eta nork ez dio noizbait norbaiti aditu errefuxiaturik ez dela onartu behar gaizkileak direlako? Oihartzunok gasaren moduan hedatuta daude airean, eztanda egiten lagunduko dieten titularren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.