
• BERRIA euskarazko egunkari nazional bakarra da, zabala eta independentea, herri ekimenez sortua, euskaldunen informazio premiak asetzeko.
• Euskaraz argitaratzen den egunkari orokor bakarra da, eta tresna sozial eta kultural bateratzaile eta integratzaile gisa aritzen da, euskal hiztunen komunitatearen zerbitzuan.
• Komunitate horren sostengua jasotzen du, milaka akziodun eta BERRIAlagun baititu, era guztietakoak, bere komunitatearen aniztasunaren erakusgarri: gizabanakoak, elkarteak, enpresak, udalak...
• Kalitateko informazioa ematea du helbururik behinena, eta euskara eta euskal kultura sustatzea.
• Proiektu multimedia bat da, etengabe berrituz doana: adi dago teknologia berriei, kazetaritza hobea egiteko lagungarri izan daitezkeen neurrian.
• BERRIAk gizartearen ikuspegi integratzailea du, eta giza eskubideen aldeko konpromisoa.
• Kohesio soziala sustatzeko, zorrotz eta erantzukizunez jokatzen du informazioa bereizkeriarik gabe lantzeko, eta ez du onartzen diskriminazioa bultzatzen duen jokaerarik edo aurreiritzirik, edozein motatakoa dela ere.
• Berdintasuna sustatzen du edukietan bezala barne egituretan ere, bereziki ardura postuetan.
• Euskal komunitatearen aniztasuna kontuan harturik, iritzien pluraltasunaren alde egiteko konpromisoa du, eta interes informatiboaren arabera kaleratzen dira adierazpenak, testigantzak, iritziak eta abar.
Kazetaritzako estandarrik zorrotzenak betez dihardute BERRIAko kazetariek eta gainerako profesionalek, eta denak beharturik daude estilo liburuan luze eta zabal landutako jarraibideak betetzera. Hona hemen irizpide horiek, laburturik.
• BERRIAk ez du argitaratzen adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik, ez osorik eta ez partez, ez ikus-entzuteko euskarrietan eta ez irakurtzekoetan. Beste zerbait eskaintzen du: kazetaritzako profesionalek euskal irakurle eta entzuleentzako berariaz landutako edukia, ondo egiaztatua, eta ikuspegi berezi batez jorratua.
• Informazioaren egiatasuna ziurtatuta eta iturrien fidagarritasuna egiaztatuta argitaratzen ditu BERRIAk bere lanak, kazetaritza etikoak beti eskatu duen bezala. Jokabide horri eustea du tresnarik onena, bai edukiaren kalitatea eta zorroztasuna segurtatzeko, bai adimen artifiziala erabiliz bestek sorturiko irudi, bideo, audio eta bestelako eduki faltsuei aurre egiteko.
• BERRIAn argi eta garbi adierazten da kazetariak zer iturri erabili dituen informazioa lantzeko. Off the record eskuratutako informazioa ez da bere hartan kaleratzen, salbu beste bide batetik baieztatua denean. Era berean, zurrumurruak ez dira albiste iturri.
• Kazetariaren esku dauden neurri guztiak hartuta ere informazio batean datu okerren bat argitaratzen bada, ahalik eta lasterrena zuzentzen da.
• Informazio generoetan ez zaio iritzi pertsonalik onartzen kazetariari, eta gertaeretan eta datuetan oinarrituta baino ez da lantzen albistea.
• Informazio generoetako albisteak eta iritzizkoak ondo bereizita ematen dira. BERRIAk berariazko ataletan kokatu ohi ditu iritzi saileko artikuluak.