Miren Amuriza.
BIRA

Mozten

2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bikote harreman bat utzi berritan kalera irtetea, estreinako oinetakoak janztea lakoxea da: norberak pausoan-pausoan hautematen du zorua diferente eta ingurukoek ibilera aldatu dugula (onerako zein txarrerako) igarriko digutela pentsatzen dugu. Ordea, usoek ere lurrera begiratzen jarraitzen dute albotik pasatzen gatzaizkienean. Egokitzapenaren lehen fasea etena berbalizatzea izaten da, «Zebrarekin moztu dut» edo «Zebrak nirekin moztu du» esaten hasten garenekoa. Aditzaren aspektu burutua erabiltzen dugu, ekintza burututa, amaituta, finituta balego lez. Gehienetan, ez da hala gertatzen, ordea; harreman bat etetea (izan erabakia norberarena, bestearena zein biena) ez baita soka bat moztea bezalakoa. Bikote harreman bat etetea sare bat desegiten joatea da: loturak (fisikoak, emozionalak, ekonomikoak, sozialak...) banan-banan askatzen joatea eta, hala nahi izanez gero, zeintzuk mantendu erabakitzea. Ordea, bien bitartean, «Zebrarekin moztu dut» esaten jarraitu ohi dugu eta gaizki sentitzen gara, noski, utzi eta denboragarrenera oraindik sarean harrapatuta gaudela jabetuz gero. Txikikeria bat irudi lezake, ogi-birrin bat usoaren mokoan, baina, beharbada, nahikoa genuke aditzaren aspektua aldatzea (forma puntukaria baliatzea) liberazioa errazteko; «Zebrarekin mozten ari naiz» esan eta geure buruari arnasa, denbora, pittin bat ematea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.