Miren Amuriza.
BIRA

Burokrazia

2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Sei hilabete dira lurrikara batek Amatrice eraitsi zuela. Hirigune historikoan kanpandorre bi geratzen dira zutunik; erlojuen orratzek seismoa gertatu zeneko ordua markatzen ei dute (3.36) eta zikoinek begiak ixten handik pasatu eta behera begiratzean. Burokraziaren motelak berreraikuntza lanak konplikatu ditu: erabilgarri ez dauden eraikinak bota behar dituzte, ondoren inguruak garbitu, berriz eraiki ahal izateko baimenak lortu... 2.700 biztanle zituen Amatricek (Lesakak beste, gutxi gora-behera) eta ia 300 hil ziren astinduaren eraginez; biziraun zutenetarik gehienek alde egin behar izan dute eta gaur egun 500 bat lagun geratzen dira bertan. Ane Irazabalek irratian kontatu zuenez, eskola konpontzea dute lehentasun, umerik ezean nekez hartuko baitu arnasarik herriak.

Ziburun bazen haurreskola kontzertatu bat, Luma, eskualdean euskaraz funtzionatzen izan duen bakarra. Berau zeroan administrazio kontseiluak itxi egingo zutela jakinarazi zien gurasoei iragan abenduan eta alternatiba bat martxan jarri arteko denbora agindu bazieten ere (martxoaren azkenetara arte), zarratu egin dute egun batetik bestera 12 familia zintzilik lagata.

Han dira, Amatricen eta Ziburun; zikoinak kanpandorreetan, txostenak mahai gainetan eta umeak eskolara noiz itzuliko, zain. Txikiek «pupu» esaten diote minari, handiek «burokrazia» borondate faltari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.