Miren Amuriza.
BIRA

«Iparraldekoa»

2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zapatu bazkalostea. Armagabetzeari buruzko argibideak eman berri Miarritzen. Unibertsitate garaiko lagun koadrila, sagardotegian: bizkaitar bat, arabar bat, lapurtar bat, nafar bi eta hiru gipuzkoar. Lehenengo errondan eguneraketa: bizilekuaz, lanaz... Lapurtarrak Gipuzkoako ikastetxe batean dihardu. Zentrora iritsi berritan, zapla bota ei zion lankide batek: «Hara, iparraldekoa! Errefuxiatuen alaba izango zara, ezta?». Bigarren errondan, analisi politikoa. Bizkaitarrak lapurtarrari galdea, ea iparraldeko jendeak armagabetzearena zelan hartu zuen. Lagunak erantzun, puntualizatu, ez zeukala hiru lurraldeetako berri, baina bere futbol taldeko kideak, esaterako, enteratu ere ez zirela egin. Hirugarren errondan, txotx! Lapurtarra alboko kupeleko koadrilarekin batu zen. Itzultzeaz batera, gipuzkoarretako bat galdezka: «Iparraldekoak dira, ezta? Igartzen zaie, hizkeran eta...». Lapurtarrak bueltan: «Bai, esan diet Nafarroa eta EAEko lagunekin etorri naizela. Bide batez, badakizue iparraldean hizkera bat baino gehiago daudela, ezta?». Isiltasun deserosoa.

Eta bizkaitarra orduantxe jabetu adiskidearekin egiten ari zirenaz. «Hori sinekdokea da», esango ziekeen literaturako irakasleak, alegia, parte bat izendatuz, osotasunari erreferentzia egitea. Adibidez: geure zilborrari (geure gorputzari, buruari, lurraldeari...) begira bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.