Miren Amuriza.
BIRA

Dimentsiotan

2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Zutabe hau irakurtzeko papera eta boligrafoa beharko dituzue. Ariketa bat proposatzen dizuet: zuen dimentsioak neurtzea, zein espazio (eta zelan) okupatzen dituzuen irudikatzea. Hiru dira neurriak: zabalera, luzera eta altuera. Zabalera da oinarria, taldearen espazioa, gorputz kolektiboarena; indibiduo kopuruaren arabera bezainbat betetzen dena berauek egiten ari direnaren arabera: jolastoki batean beti okupatuko du leku gehiago baloi batek, ehun kanikak baino. Luzera da bigarrena, zabalerari batuta planoa sortzen duen neurria; bakoitzaren espazio fisikoa, arnasarena;dimentsio intimoagoa, baina (adi!) ez hargatik estuagoa. Parekoaren hatsa belarri ostetik urruntzeko besoa aurreratuta markatzen dugun eremua, metroko jarlekuetan hankak gehien zabaltzen dituenak inbaditzen duena. Eta hirugarrena, sakonera; norbere espazio mentala, pentsamenduarena, infinitua; jende planoari bolumena ematen diona. Hausnartzeko eta fantaseatzeko, gogoratzeko eta ahazteko, kuestionatzeko, arrazoitzeko... espazioa; loak hartu aurreko minutuetan errekorritzen dugun hori.

Orain zuen txanda: hartu boligrafoa eta trazatu hiru marrak dimentsio bakoitzean sentitzen duzuen segurtasunaren arabera, ea zelako figura agertzen zaizuen: laua, bolumenduna, orekatua, desproportzionatua... Eta pentsatu noiz zareten kanikadunak, baina baita baloia noiz daukazuen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.