Miren Amuriza.
BIRA

Diskordantzia

2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Afrika ez da pobrea: planetako mineral erreserbarik aberatsenetakoak, biztanleria gaztea, langile geroz eta kualifikatuagoak eta ekonomikoki suspertzen ari diren herrialdeak (Uganda, Kenia, Mauritania, Senegal...) dauzka. Afrika ez da pobrea baina bertako nekazari, meatzari, abeltzain gehienak miseria gorrian daude, migrazio tasak gorantz doaz eta bizi-itxaropena ez da 50 urtera iristen. Zergatik ez dute, hortaz, afrikar gehienek beren baliabide propioetatik etekinik ateratzen?

Bertako eta Britainia Handiko zenbait antolakundek informe bat argitaratu dute oraintsu: Honest acounts 2017: How de world profits from Africa's wealth (2017ko kontuak zintzoki: Nola mundua Afrikaren aberastasunez probesten den). Txostenaren arabera, Mendebaldeko herrialdeek inbertitzen dutena baino askoz diru gehiago ateratzen dute Afrikatik; kontinenteko errekurtso naturalak, esaterako, atzerriko konpainia pribatuen esku daude eta irabazi gehienak kanpora eramaten dituzte. Multinazional horiek, elite afrikarren laguntzarekin, aberatsen eta pobreen arteko bereizketa are gehiago desorekatzen duten eredu ekonomikoak bultzatzen ari dira gainera.

Baina Afrika ez da pobrea; petrolioa, diamanteak, urrea, zilarra, kobrea ditu; Kruger, Serengeti, Toubkaleko parke naturalak; Nilo, Kongo eta Limpopo ibaiak... Pobrea ez, Afrika pobretua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.