Miren Amuriza.
BIRA

Diruaz

2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gure gurasoen belaunaldiaren aldean irekiak ei gara gu, edozeri buruz hitz egiten ei dugu batere konplexurik gabe: politikaz, sexualitateaz, lagun zein familiarteko harremanez, heriotzaz... Ordea, bada oraindik naturaltasun erabatekoz tratatzen ez dugun hizketagai bat: txin-txin, txin-txin... Daukanak badaukalako eta ez daukanak ez daukalako isildu ohi duen hotsa, diruaren hotsa.

Sormenarekin loturiko enkarguekin, esaterako, ohikoa izaten da norbere lanaren balioa (norbere denborarena) eurotan kuantifikatu beharra suertatu eta zalantza egitea, proiektuaren edo kausaren arabera finkatzen baita gehienetan honenbestekoa. Eskatzaileak kopuru horrekin bat egiten ez duenean izaten dira tentsioak; sortzaileak diru-sariari mehea irizten diolako bainoago, bere lana gutxietsi egin dutela sentitzen duelako sarri. Gertatu izan zaigu hain lekutara bertsotara joan, dirua jaso eta bakarrarentzako ordaina zelakoan «hau biontzat» esatea antolatzaileak; kamiseta bat, zapi bat, gazta erdi bat... hartuta askotan etxeratu gara; esku-hutsik ere bai inoiz, deitzaileei pagatzea ahaztu zaien edo pagatzeko asmorik eduki ez duten argitzeke. Eta, horrelakoetan, nik behintzat ez dut jakiten erantzuleei zer esan (neuri zor didatenagatik bezainbat, hurrengoari berdina egin ez diezaioten). Diruaz, badakizue, kezka adierazi behar baita, baina inporta zaigula aditzera eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.