Miren Amuriza.
BIRA

Mamuak?

2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Markelek 18 urte ditu eta bertsotan dabil. Emakumeei espazio publikoarekiko beldurra transmititzen zaiela irakurri berri du eta pentsakor geratu. «Egunkariak badakar, hala izango da, baina non daude mamuak?». Begiratu du oholtzapean, Bertso Eskolako armairuan, Kultur Etxeko komunetan... Armiarma erraldoirik eta buru biko munstrorik topatu ez, ordea. Deskontzertatuta dago. Agian beldurra zer den esplikatu beharko zaio lehenik, emozio bat dela. «Emo... zer?». Arrisku bat hautematean sentitzen duguna; paralisia edo antsietatea eragin diezagukeena; mikroa eskuetan «blokeoa» edo «agobioa» esaten diozuena, Markel. Azaldu beharko zaio bere adineko neskak ez dituela oholtzapeko mamuak kikiltzen, ezpada mutikoek ozenago berba egiteak; kantatzeko ideia konplikatuegiak dituztela esateak; gai jartzen zeinen onak diren azpimarratzeak; lautik hirutan beren arropa edo makilajeari buruzko txisteak entzuteak; edo kantu-laguna bertsotik bertsora potroak hazkatzen ikusteak. Kausak baino ondorioak argigarriago egingo zaizkiolakoan, konta ditzala abian diren txapelketetan zenbat emakumek kantatu duten. «Hara! Xilaban 15etik 4 dira, Bizkaikoan 64tik 12». Horixe zeuk ere beldurrak dituzuna, Markel, baina abiapuntua desberdina da. Hurrengo bertso eskolan gaia atera zenezakete. Ez al da erronka interesgarria, denok seguru sentitzeko, plaza eraldatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.