Miren Amuriza.
BIRA

Alargun

2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskarak ez du genero markarik, bai, ordea, aurreiritziek: «alargun» berba entzunda emakumezkoaren silueta irudikatzen dut nik, adineko emakumearena, inguruan horiexek tokatu zaizkidalako izango da. Bada andretxo bat herrian, beti beltzezko ibiltzen dena kartera eskuan da. Ilaran topo egiten dugulako dakit ogia non erosten duen, azentuagatik galiziarra dela eta lutoagatik alarguna dela. Egiari zor, lutoz jantzita ezagutu dudan bakarra delako dakit alarguna dela, hala ez balebil ez bainien erreparatuko ez bere hizkerari, ez bere ogi zuriari ez bere uztai formako arrakada txikiei. Zibila baino, egoera zaurgarria ez ote den alarguntza gurean, ikusezina ia. Prekarietateaz entzuten da zerbait, zehar aipamenen batzuk pentsioen erreformari lotuta, baina ezer gutxi beren egunerokoaz; estigmaz, bakardadeaz (ez nahitaez zentzu negatiboan) edo harreman sareez.

Jakin gura nuke kubatarrek «alargun» berba entzunda Dalia Sotoren aurpegia irudikatuko ote duten, ala emakumezko baten silueta baino ikusiko ez ote duten. 1960ko hamarkadaz geroztik Fidelekin egona, egundo ez ei zen publikoki agertu harik eta komandantea gaixotu zen arte. Baina bizitza zer den, paradoxikoki, segurtasun arrazoiengatik urteetan ezkutuan edukia, arrazoi berberagatik agertu azkenean. Gaindiezinenak ere, behar izaten baitu norbait besotik heltzeko pausoa moteltzen zaionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA