Miren Amuriza.
BIRA

Integrazioaz

2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Estrasburgon, Giza Eskubideen Auzitegian, Suitzan bizi diren guraso musulman batzuen kontrako ebatzia hartu zuten lehengo astean. Bikoteak beren alabak igeriketa eskola mistoetara ez bidaltzea erabaki zuen eta autoritateek isuna jarri «guraso gisa zegozkien ardurak ez betetzearren». Aita-amen helegiteak goreneraino iritsi ziren eta tribunalak epaia berretsi zuen, familiaren erlijio askatasunari eragiten ziola onartu arren, umeen esklusioa ekiditea lehentasuntzat jota. Jakin gura nuke neskatoei iritzirik eskatu ote zion inork...

Londresen, Glass Milleko igerilekuan, kirolari transexualez eta beren burua genero banaketa binariotik kanpo kokatzen duten lagunez osaturiko talde bat elkartzen da astero. Roberta Francisek jarri zuen martxan, hain justu, transexuala izateagatik irakaskuntzan lanik egin ezinik geratu zenean. Dio Francisek ez dela egoera ideala (gainontzeko igerilariengandik aparte jarraitzen dutelako) baina bai beharrezkoa; babesgune bat ez eze, kideak ahalduntzeko espazioa baita.

Uretan, norbere ahotsa mundua baino ozenago entzuten den eremu bakanetako batean, badirudi berdindu egiten garela denok eta, finean, integrazioa ere horixe ez ote den: guztiok pisu bera daukagula sentituko dugun inguruneak eraikitzea; desberdinei lekua egitearen diskurtsoa gainditu (bereizketak saihestu) eta guztiontzako espazioak aldarrikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.