Miren Amuriza.
BIRA

Marijane

2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Marijane Minaberri idazle baxenafarra zendu da asteon, euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren aitzindarietako bat; olerki, ipuin eta antzerkigilea, prentsa idatzian eta irratigintzan ere aritua. Pertsonaia interesgarri bat hil ondoren ezagutzeak ematen duen penatxo hori sentitu dut enegarrenez, minberagoa baita trena bost minutu beranduago ailegatzeagatik galtzea, hamar urteko atzerapenarekin iritsita galtzea baino. Penatxoa barik lotsa esan beharko nuke agian (zer den lagun salataria ezjakintasuna...) eta oraingoan, baita harridura ere; Marijane fikziozko pertsonaia bat zelakoan bainengoen. Zenbatetan ez ote nien eskatu gurasoei kotxean Oskorriren «Marijane, kanta zan» casettea ipintzeko! Orduko «telefono hautsiaren» jolasean gertatzen zen lez, jakin gura nuke non eta zergatik hautsi zen katea: iparraldekoa zelako ez nuen, genuen, ezagutzen Minaberri? Adindua zelako, akaso? Andrazkoa zelako? Haur literatura egin zuelako?

1997an, Oskorrik diskoa plazaratu berritan, Argiarako elkarrizketatu zuen Mikel Asurmendik. Emakume eta idazle gisa aitzindari sentitzen ote zen galdetzean, ezetz erantzun zion andreak, bera «goizegi» aritu zela denean: «...beti aitzina naiz, eta aitzina denak ez du kasik sekula arrazoi. Sobera goiz arrazoi duzularik ez duzu arrazoi». Tren-geltokietara eta arrazoi-estazioetara puntual iritsi behar dela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.