Miren Amuriza.
BIRA

Hilezkortasuna

2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hego Ameriketan, dagoeneko, sinestarazten errazagoa da literatura, nobela edo fikzioa, errealitatea bera baino» dio Gabriel Garcia Marquezek. Egurrezko aulki batean alderantziz eserita dago, mutiko baten antzean, jarlekuaren bizkarraldean besoak gurutzatuta eta kokotsa besaburuen gainean jarrita dauzkala. Pentsakor. Parean kazetari bat orri bete galderarekin: «Zuk, Marquez jauna, zuri begira inor ez daukazuna jakingo bazenu, zer nahiko zenuke ikusi zulotxo batetik?». Pausa. «Badakizu zer? Bada, bizitza ikusi gurako nuke heriotzatik. Horixe bai izango litzatekeela ikustekoa!». Pausa. «Izan ere, zuk, Marquez jauna, sarritan hautatu behar izan dituzu zure nobeletako pertsonaien heriotzak. Pentsatu al duzu sekula zeurea nola hautatuko zenukeen? Nola hilko zinateke?». Pausa. «Nik heriotza bat aukeratu ahal banu, ez hiltzea aukeratuko nuke. Bizitza da handiena, heriotza ez da bidean jartzen diguten tranpa bat, traizio bat, besterik...». Pausa. «Hortaz, zure lagun Rulfok zioen bezala, ez zenuke alboko hilobirako lagunik aukeratuko elkarri kontuak esateko, adibidez?». Pausa. «Ez, ez... Niretzako oso serioa da hau guzti hau amaitzea, aizu. Dena amaitzea eta norbere parte-hartzea handiegia izan barik, gainera... Ez zait bidezkoa iruditzen». Pausa. «Eta zure ustez, Marquez jauna, zer egin genezake, bada, hori saihesteko?». Pausarik ez. «Idatzi. Asko idatzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.