Samara Velte.
BIRA

Sabelekoak

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Haurdunaldi subrogatuei buruzko eztabaida piztu du Nichi Vendola parlamentari italiarrak, bikotekidearekin haurra alokairuko sabel bidez izan duelako. Ohiko moralista katolikoez harago ere leporatu diote «low cost amatasuna» sustatzea. Azkenean, argudiatu behar izan du hiruko maitasun harreman baten emaitza dela haurra, ama biologikoa ere tartean dagoela, akordio arrunt bat izan dela defendatu ordez.

Haurraz erditu eta aurretik hitzartutako norbaiten mesedetan amatasun eskubideei uko egitea da alokairuko sabela eskaintzea. Diru truke egin daiteke edo ez. Akordio ordainduak oso leku gutxitan dira legezkoak, eta, ondorioz, ugalkortasun turismoa deitzen diotena hedatu da AEBetako leku batzuetan edo Indian, esaterako. Dirurik gabeko akordioak toki gehiagotan dira legezkoak.

Ugalketa lagunduan diharduten enpresak kexu dira merkaturako ate hori erdi itxita daukatelako oraindik, eta LGTB komunitateko sektore batzuek ere aldarrikatzen dute modu horretan haurrak izateko eskubidea. Beste batzuek zalantzak dituzte hortik sor litekeen negozioaren inguruan: ez ote da emakumeen gorputza ustiatzeko beste modu bat bihurtuko? Prozesuaren kostua bera ez ote da erabat elitista? Eta guraso izan nahi izate hutsak bermatzen ote dizu haurrak edukitzeko eskubidea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.