Miren Amuriza.
BIRA

Norgehiagoka

2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ihartzear zeuden zuhaitz handi bi topatu nituen lehengoan basoan, biluz-biluziak. Hantxe zeuden, geldi-geldirik, elkarri erronka bota izan baliote legez: ea nork irauten duen denbora gehien zirkinik egin barik! Eta gelditu egin nintzen neu ere, badaezpada. Galdetu nien ea noiztik zeuden han, ea ordura artean beste parte-hartzaileren bat deskalifikatu zuten... Baina ez zidaten erantzuten, esaten ari nintzaiena harrapatzen ez zutelako sentsazioa eduki nuen, ez dakit... Eta alde egin nuen.

Izaten da ba, batzuetan, zerbaiti begia bota eta bazter guztietan huraxe ikusten hastea? Halaxe topatu dut asteon Kaliforniako basoei buruzko artikulu bat: milaka zuhaitz ihartu ei dira azken urteotan lehorteen ondorioz. Bertako Great Basin arroan hil ala biziko norgehiagokan ei dihardute munduko zuhaitz zaharrenetako bik (duela milaka urte sortuak eurak), bristelcone eta hucoyo pinuek. Arroaren magalean tenperatura nabarmen igo denez, gailurretarantz hedatzen ari dira biak, ordea, huocoyo-a bristelcone-ari bidea zarratzen ari ei zaio eta litekeena omen da bigarrena desagertzea. Egiari zor, niri ez dit lorik galaraziko munduko zuhaitzik zaharrena, azkena bada ere, ihartu dela jakiteak, baina pentsatzen-pentsatzen hasita... Tenperatura igoera, itsasoaren mailarena, Harvey, Irma, Maria urakanak, basoko arbola haiek... Ez ote garen geu eurek dioskurena harrapatu (nahi) ez dugunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.