Miren Amuriza.
BIRA

Grebalariak

2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bizkaiko zahar-etxeetako beharginek greban jarraituko dute datorren urriaren 31ra arte gutxienez; kexu dira, Diputazioa patronalarekiko bitartekaritza lanetan arduragabekeriaz jokatzen ari delako.

Behargin horietako askok atsegin izango dute beren lanbidea, beste askok gorrotatu egingo dute; batzuk goxoak izango dira tratuan, beste batzuk hotzagoak; patxadatsuak, urduriak, berbaldunak zein hitz gutxikoak; sektore feminizatu prekario batean diharduten zaintzaileak denak. Egoiliarren artean ere, erresidentzian aldi baterako daudenak izango dira asko, luzerako daudenak gehienak; bere borondatez joanikoak batzuk, familiak eramanikoak besteak; burua esna eta gorputza lo daukatenak, edo gorputza esna eta burua lo-lo; inork zaindu beharrean dauden aitona-amonak denak. Izango da zapata-kordelak lotzeko, paseatzeko laguntza behar duenik; edo zauriak sendatzeko, edo ezpainak pintatzeko; izango da bakarrik jan, dutxatu, komunera joan ezin duenik; bilobez edo emazte defuntuaz aritzeko, zein isilik (baina konpainiarekin) egoteko premia duenik.

Beraien arteko aliantzatxoak egiten hastea izan zen beharginon lehenengo garaipena; altxamenduak ez baitira ehunka lagunek kaleak hartzean hasten, ezpada bizpahiruk kafe bat hartzen dutenean. Bigarrena zaintzaren problematika agenda politikoaren erdigunera ekartzea izan da. Ea hirugarrena atzeratzen ez den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.