Albistea entzun

BIRA

Gurutzada

Miren Amuriza -

2017ko martxoak 2

Ai, Ignacio Arsuaga, Hazte oír-eko bozeramalea; abiatu duzue, abiatu baduzue, enegarren gurutzada: bikote homosexualen ezkontzak, abortua, haurren transexualitatea... Eska niezazukeen autobus bedeinkatua zergatik atera duzuen azaltzeko, baina, egia esan, ez zaizkit zuen argudioak interesatzen. Bai, ordea, emozioak, eta zuei gorrotoa darizue; genero rolak gainditu dituztenekiko antipatia, nazka, ukazioa. Baina ba al dakizu, gizajo horrek, gorrotoa zein emozioren isla izaten den? Beldurrarena. Neuk ere badakit, bai, izua zer den; umetan beldurra nien arratoiei eta lotan nengoela behatzak jaten zizkidatela amesten nuen, irudika nitzake, beraz, zure amesgaiztoak: izaki sailkaezinak orgia satanikoetan; sua eta kea; alu usaineko landare haragijale erraldoiak eta adarren ordez buruan zakilak dituzten akerrak, edo ahuntzak... Ez daukazu aitortu beharrik, baina ez ote zara irri txikiarekin itzartzen?

Ai, Ignacio eta konpainia, abiatu duzue, abiatu baduzue gurutzada hau ere: mutikoek zakila, neskatoek bulba. Esplikatuko nizueke zuek gizon eta emakume deritzezuen kategoria horien bien artean continuum luze bat dagoela baina merezi baino arreta gehiago eskaini dizuegu dagoeneko eta nago, nire argudioak ez zaizkizuela interesatuko. Umeak neska-mutil binomiotik kanpo hezteko bitartekoak sortzen jarrai dezagun motibatu gaituzue, mila esker.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.