Miren Amuriza.
BIRA

Antzarak

2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Emozionatu egiten naiz hegazti bat aireratzen ikusten dudan aldiro, batik bat antzarekin. Usoekin, adibidez, ez. Holakoxe selektiboa naiz. Beti pentsatzen dut, igual, belarren bat edo kableren bat kateatuko zaiela zangoan (ortozik zabiltzanean alfonbraren haria behatz potoloan lez) eta zelaia, kanpandorrea, autopista... hegaz eroango dutela. Hainbeste emozionatzen ze, lantzean hasperen bat eskapatzen zaidala. Zer duzu, neska? Eta orduan errazagoa da mugikorra kargatzea ahaztu zaizula esatea, txori batek hunkitu zaituela esplikatzea baino. Holakoxe zentzudunak gara. Eta aspergarriak. Bada, lehengoan, portadan antzar hegalariak zituen album bat topatu nuen liburutegian, Ekhiñe Egiguren eta Leire Salaberriaren Pashmina gorria. Eta pittin bat zoriontsuago etxeratu nintzen. Holakoxe sinplea naiz. Pakistango iparraldean, Mingoran, Min-go-ran, bizi diren ahizpa biren istorioa; 2012ko udaberrian armadaren eta talibanen arteko enfrentamenduetan suertatu zirenekoa. Malala Yousafzai gogorarazi zidan niri. Baina, igual, beste norbaiti beste zerbait gogoraraziko lioke. Ez dakit. Album ilustratuek esan gabe kontatzen baitituzte gauzak. Eta gauzak esan gabe kontatzen dituzten artelanak, eta pertsonak, zaratarik egin barik aireratzen diren antzarak lakoak dira. Diskretuak. Inpaktanteak. Igual horrexegatik gustatuko zaizkit hainbeste albumak. Eta antzarak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.