Miren Amuriza.
BIRA

Menperatzaileak

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Garai batean, ile luzea neukanean, adatsa mozten zidatela egiten nuen amets eta izututa itzartzen nintzen gauerdian. Burua ukitu eta uff, eskerrak ebaki ez dudan, arnasa hartzen nuen berriz. Bada, gorputzaldi bertsuarekin itzartu nintzen bart. Kalean nindoala amestu nuen, andre bat «pardon» esanez hurreratzen zitzaidala eta nik zabar erantzun «euskaraz, mesedez!»; mundu osoko jendea zetorrela gurera euskara ikastera eta esplotatu egiten genituela aitzakia horrekin, plater garbitzen zein ume zaintzen; entrenatzaile batek «buenas tardes» esanaz hasi zuela prentsaurrekoa, euskaraz eman zuela ondorengo guztia eta prentsa arduradunak (euskalduna bera) mespretxuz isilarazi zuela kazetari galego bat hura erdaraz galdetzen hasi zelako; amestu nuen gure bizilagun errumaniarrak pediatrarenera joan zirela eta medikuak negarrez ipini zuela txikia, «...ume honek ez al daki euskaraz? Ba problema bat dauka!». Kolpetik itzartu nintzen. Begiak igurtzi eta uff, eskerrak menperatzaileak ez garen, arnasa hartu nuen berriz. Halakoak izan bagina erosoago biziko ginatekeen agian, baina ez genituzkeen gauza asko ikasiko, eta desikasiko; ez genukeen beste gutxiengo batzuekin enpatizatuko; ez ginatekeen hain solidarioak, konprometituak, ekintzaileak izango; gurekin topo egitea desatseginagoa izango zen, ziurrenik, eta bizitza dezentez aspergarriagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.