Miren Amuriza.
BIRA

Pribilegiatua

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trumpen ustez inmigrazioa pribilegio bat da, ez eskubide bat. Bada, neuk ere badakit zerbait abantailez eta ez nago ados. Ni pribilegiatua naiz ipar hemisferioan munduratu nintzelako, klima atsegina, nekazaritzarako baldintza onak eta itsasorako irteera dituen lurralde batean. Arbaso europarrak ditudalako naiz pribilegiatua, Amerika eta Afrika kolonizatzera joan zirenak direlako nire birraitita-amamak eta ez menperatu zituzten gizon-emakume haiek. Zuria naizelako ere bai, latina baten edo beltz baten ahotsak baino oihartzun handiagoa daukalako nireak. Nork dio ez dugula begietatik entzuten? Pribilegiatua naiz nire kultura, mendebaldekoa, hegemonikoa delako; nire ohiturak eta sineskerak, baita eszeptikotasunak ere. Pribilegiatua naiz, daukadan nazionalitatea edukitzeagatik, Europar Batasuna zeharka nezakeelako pasaporte barik eta pasaportearekin, mundua. Bizitzeko (ikasi, lan egin, bidaiatu) joango nintzatekeelako atzerrira, eta ez bizirauteko. Pribilegiatua naiz nire abantailez hausnartu dezakedalako, badudalako hori egiteko adina kriterio (hezkuntza, alegia, diru) eta denbora libre (alegia, diru). Eta ez, ez dut uste inmigratzea pribilegio bat denik. Beraz a) «pribilegio» hitzaren kontzepzio ekibokatua daukat edo b) Trump jaunak hanka artetik, buruz behera jarrita, begiratzen dio munduari eta horregatik ikusten du dena aldrebes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.