Miren Amuriza.
BIRA

Eulia

2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Demagun etxean zaudela, lasai-lasai bazkaltzen, eta bat-batean, ttak, euli batek zure ogi-kozkorraren gainean lur hartzen duela. Euli baten tamainako euli batek. Uxatu duzu eskuarekin eta edalontziaren ertzean pausatu da. Uxatu bigarrenez. Eta ogi-birrinetara itzuli hura. Dzast! Eskuarekin atzematen ahalegindu zara, zu, egundo baloi bat airean harrapatzeko gai izan ez zaren hori. Eta non ikusten duzun, hortxe, mahai gainean, zeuri begira-begira, aurreko hankatxoak igurzten. Ni probokatzen ari al zara? Trapu zikinari heldu eta hor hasi zara, zirti-zarta, dantzari flamenkoarenak egiten; mahaiari, lanparari, fruta-ontziari... joka eta lantzean lurrari zapatazo bat emanez. Behin honezkero ezin diozu joaten utzi, baina tresneria eraginkorragoa beharko duzu. Zer? Edozer. Spray bat. Bai, zurezko altzarientzako spraya! Eta hor zoaz, fris-fras, etxe osoan zehar, intsektuaren atzetik; eulia, eulia, eulia, eulia... Itsututa. Harik eta egongelako apalaren ostean itzal bat begiztatu duzun arte; zezen baten tamainakoa, bai, gutxienez. Eta hortxe bera, eulia, esku-eskura. Fris-fras, fris-fras! Eta egundoko orbana utzi duzuhorman. Spray usainarekin zorabiatzear, leihoa zabaldu eta plaust etzan zara. Txil. Sarkinak, orduan, leihotik kanpora alde egin du. Euliak 1 - Zuk 0. Konturatuko ahal zara, koitadu hori, euliak, eta obsesionatzen zaituzten txikikeria asko, euli baten tamainakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.