Samara Velte.
BIRA

Terapiak

2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Taxiak psikologoen kontsulta modernoak badira, taldeko terapiek gimnasioetako aldageletan topatu dute susmorik eragin gabe azaleratzeko espazioa. Haietan ateratzen dira, arratsaldeetan, lanetik sututa datozenen frustrazioak; blusa eta galtza lisatuak kentzen dituzte, haiekin batera enpresako etsipenak erantziko balituzte bezala.

Goizetan, haurrak eskolara eraman ostean kirola egitera doazen ama gazteen terapia ordua izaten da. Halakoetan ohartzen naiz nire eguna hasi besterik egin ez denerako, beraiek jada igaro dutela gerra bat, bake akordio bat eta adiskidetze prozesu oso bat. «Izugarrizko matraka ematen ari zait txakurra nahi duela-eta», kexu da haietako bat. Umeak kulero greba egin omen dio animalia ekarri arte. «Egun hauetakoren batean ipurdi bistan bidaliko dut eskolara». Arazoa azaltzeko proposatu dio lagunak; alabak ulertuko diola ondo adierazten badio. «Heriotza da arazoa, baina ezinezkoa zait». Zergatik ote denheriotza arazoa, besteak; animaliak hil egiten direla noizbait, eta hori umeek jakin behar dutela. «Ez ez, ez da hori. Imajinatu txakurra baino lehenago ni hiltzen naizela. Hori da arazoa».

Mutu geratu da laguna. Galdetzekotan geratu naiz ea izu horregatik etortzen ote den gimnasiora ere, kirola kalean egin beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.