LEKU-LEKUTAN

Chuuk

urtzirrutikoetxea
2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Chuuk herrialdeaz hitz eginez gero, ez dakit inork asmatuko zukeen kokatzen. Neronek ere, aitortzen dut, mundu osoko sezesio prozesuak aztertuta, «radarretik» guztiz kanpo neukan. Utziko didazue gaur, bada, ohiko Europako, Ekialde Hurbileko edo Amerikaz gaindiko gai urruna ekartzen. Filipinetatik ekialderantz Panama ingururaino marra bat eginez gero, Ozeano Barean ageri diren artxipelago txikietako bat da Chuuk, Mikronesian. Papua-Ginea Berria, Nauru, Marshall uharteak, Palau eta Guam ditu inguruan.

Bada, Chuukek independentzia erreferenduma deituta zeukan aste honetarako. Zehazki, Mikronesiako Estatu Federatuetan joan den asteartean egindako hauteskundeetan, Federazioa uzteari buruzko galdera egin gura zuten. Hala, 2017an estatu independente gisa eratu eta Nazio Batuetan bere aulkia izango zuen herrialde bihurtzeko zorian izan da. Azkenean, galdeketa atzeratu egin dute, galdeketarako beharrezko legezko prozedurak bete ez dituztelakoan, eta eztabaida behar bezala gauzatzeko astirik izan ez delako.

Mikronesiako Federazioa, Marshall uharteak eta Palau estatu bereziak dira, oso lur eremu txikia osatzen duten uharteak baina itsasoan milaka kilometrotan hedatzen baitira. 1946tik Nazio Batuen Administrazio Fideikomisoko Batzordearen baitan izan ziren, eta, haren izenean, Estatu Batuetatik gobernatu zituzten, 1980ko hamarkadan burujabetza lortu eta 1990eko hamarkadan estatu independente gisa Nazio Batuetan aulkia eskuratu zuten arte. Mikronesiaren kasuan, lau estatu federatu daude, bakoitzak bere parlamentu eta gobernua dituela. Chuukek biztanleen ia erdiak ditu, baina Palikir hiriburua Pohnpei estatuan dago.

Estatu independente gisa antolatuta ere, AEBekiko lotura —eta mendekotasuna— daukate Mikronesiak, Marshallek eta Palauk: elkarkidetza libreko hitzarmena dute, eta, horren arabera, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, uharteotako herritarrek Estatu Batuetan bizi eta lan egiteko eskubidea daukate. Trukean, Estatu Batuek Ozeano Bareko itsas-eremu zabal hori erabiltzen dute bere interes ekonomiko eta militarretarako.

Kontua da, baina, hitzarmena 2023ra artekoa dela. Eta data hurbiltzen zela-eta, Chuuk estatuan batzorde bat eratu zuten duela hiru urte, «epe luzeko iraupen ekonomikorako estatu politiko egokia berrikusi eta aholkatzeko». Elkarkidetza hitzarmenean Mikronesiak jasotzen zuen dirutzatik zegokiona baino gutxiago jasotzen zuela argudiatzen zuen Chuukek. «Egungo statu quo-ak Chuuk-en autonomia faltari eustea ekarriko luke, baita garapen ekonomikoa atzeratzea ere» dio duela hiru hil batzordeak argitaratutako txostenak. AEBko estatu izateko aukerarik ez dagoela aintzat hartuta «independentziaren aukera da Chuuk moderno, osasuntsu eta produktibo bat eskaintzen duen bakarra, ez dago beste aukerarik».

Mikronesiako presidente Manny Moriren erantzuna? Lehendabizi, konstituzioak sezesio-aukerarik ez dakarrela gogorarazi zuen, eta hori aldatzeko parlamentuko botoen ehuneko 75 behar dela. Baina horrekin batera, erreferendumean baietzak irabaziz gero sezesioa negoziatu beharra onartu zuen. Horregatik, urtarril amaieran lantalde bat eratu zuen Chuukeko biztanleak konbentzitzeko independentzia ez zitzaiela komeni.

Chuuken sinetsita daude Federazioaren baitan negoziatu beharrean komenigarriago zaiela zuzenean Washingtonekin mintzatzea, alegia. Hau da, bitartekaria kentzea. Baina, noski, beldurra ere badago, bitartekariarekin batera mahaiaz beste aldean dagoena ere, AEB, galduko ote duten. Kezka horiek argitu arte atzeratu du Chuukeko gobernadoreak, funtsean, erreferenduma. Zer esan dute, beraz, Estatu Batuek?

Mikronesian Washingtonek duen enbaxadak adierazpen argia egin du: AEB ez da sartzen nazio subiranoen barne auzietan, eta autodeterminazioa babesten du, oinarrizko giza eskubide legez.

Ozeaniako estatu baten baitatik estatu berri bat sor daitekeela ari gara esaten. Herritarrek izango dutela horretarako azken hitza, eztabaidan elementu guztiak mahai gaineratu eta gero. Eta horretarako, Europara begiratu du Chuukeko batzordeak: gogora ekarri du Hagak Kosovoko independentzia-aldarrikapenaz adierazitakoa, hau da, nazioarteko legedian ez dagoela aldebakarreko independentzia adierazpenak debekatzen dituen inolako araurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.