urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Beldurra

2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Hilak 15 ditu gaur, PEN Internationalen Idazle Jazarriaren Nazioarteko Eguna. Gure xumean, orriotan Laura Mintegik sinatutako artikulua osatu dugu Euskal PENen. Besteak beste, txosten txiki bat osatu dugu Londresera bidaltzeko, azken hamabi hilotako adierazpen askatasunaren urraketak jasotzeko. Asko izan dira, larregi Europako Batasunean dagoen herrialde baterako. Espetxeratzeez gain, badago beste elementu garrantzitsu bat: auzipetzearen beldurra, hitza erabiltzeak ondorioak izan ote ditzakeen. Hor daude Twitter-en erabiltzaileen aurka Espainiako poliziek aurten egindako bi operazioak. Mezu argia ematen du Estatuak: ez pentsa libre zarenik, zure etxeko bakardadean egonda ere.

Beldurra elementu garrantzitsua da. Estatu askoren egonkortasunaren oinarri da, herritarrei zein lurraldeei kate motzean lotuta eusteko kola. Bistan da, baina, beldur hori kudeatzen duenak bere ahalen berri ere izan behar duela. Ez dut uste inor harrituko denik esaten badut Katalunian egin dituzten urratsetako batzuk Euskal Herrian egin balira lehendabizi, errazago —eta gogorrago— geldiaraziko zituzkeela Madrilek.

Elementu pare batek definitzen dute estatu bat: batetik, lurraldeak eta horren gaineko kontrolak; bestetik, nazioarteko aitortzak. Hala, ezin esan Sahara Mendebaldea edo Palestina estatu direnik zentzu hertsian: badute administrazio bat, nazioarteko aitortza zabal samarra ere bai, baina beren lurraldean beste estatu batek du agintea. Horren aurkako kasua dira gatazka izoztu deitu direnak, Sobietar Batasuna desagertzen sorturiko estatuak (Abkhazia eta Karabakh Garaia, adibidez), eta haren aurreko Ipar Zipre, esaterako (baita Kosovo ere, beste dimentsio batean). Kasu horretan bada administrazio bat eta badu lurralde baten erabateko kontrola, baina aitortza falta dute. Eta aitortza hori erabat elementu politikoa da, estatuen borondate arbitrarioaren araberako zerbait.

Lurraldearen kontrola, XX. mendean, modu militarizatu batean irudikatu izan da: zure estatuaren aldeko indarren esku daude aireportua, muga, lurraldeko gune garrantzitsuenak, eta ordura arte nagusi izan den estatuak ez du inolako aginterik. Independentea zara, ez duzu lehengo estatuarekiko menpekotasunik, dependentziarik.

Lituaniak independentzia aldarrikatu eta hainbat hilabetez, Moskuko indarren esku zegoen Vilniuseko aireportua, baina haren perimetroa utzi eta lituaniar poliziak zenituen zain. Egoera horretan eutsi zuten Moskun kolapsoa gertatu arte. Eslovenian bazeuzkaten indar armatuak, eta milizia hark erabat kontrolpean hartu zuen lurraldea. Belgradetik armada federala bidalitakoan, borroka bakarra eta erretiroa hartu zuen Jugoslaviak, garaituta. Kosovoko Vetevendosje (autodeterminazioa) taldekoek ere ez zuten ospatu 2008ko aldarrikapena. Azken batean, ordurako Kosovo bazen independentea, ez zen Serbiaren menpeko izan azken bederatzi urteetan. Estatua falta zuen, eta Kosovoko herritarrei ez zieten utzi erabakitzen zein estatu mota nahi zuten. Halaxe esan zidaten otsail hartan Pristinan kopetilun ziren pertsona bakarrek.

Armadaren beldurrarekin egin zuten Espainian 1978ko Konstituzioa eta trantsizioa. Gerora, jakin izan du beldur hori modulatzen, unean uneko erronken arabera. Duela zazpi egun, bozkatzeko asmoa zuten herritarrei mehatxuka ari ziren. Funtzionarioei bereziki. Joan zen igandea, eta beldurra lekuz aldatu zen: Estatura iritsi zen.

Desobeditu egin zuten katalanek. Espainiak agintea galdu du Katalunian. Ez da Madrilen menpeko. Beraz, independente dela esan liteke. Baina estatua falta dute demokrazia gauzatzeko. Badirudi hauteskundeen ostean irits litekeela independentzia-adierazpena (ez aldarrikapena). Adierazpen soila da, bai, eta joan den igandeaz geroztik, orain bertan ere egin liteke. Baina horretarako, hobe berme guztiak dituzten bozen agindua izatea.

Adierazpena eginda, estatu berria eratu beharko dute. Ogasuna antolatu beharko dute katalanen zergak Bartzelonan gera daitezen, eta Madrildik igaro gabe kobra dezaten enpresek zein langileek. Aktiboak eta pasiboak zelan banatu negoziatu beharko dute Espainiarekin. Badakigu ezetzean irmo dirudiela, baina lehengo astea gogorra izan bazitzaion, hau hondamendia zuen: The Guardian, Deutsche Welle, Wall Street Journal, The Economist, denak Kataluniara begira, denak Mariano Rajoy estu hartzen. CUPeko Quim Arrufatek Artur Masi gaztigatu legez, hormekin (Rajoyrekin) ez da hitz egin behar, hormak bota edo gainetik igaro behar dira.

Katalunia irten da etxetik honezkero. Otsailean-edo, «etxetik irten naiz» esango du, eta bere etxea eraikitzeari ekingo dio. Espainiatik independente bihurtu da, eta estatua baino ez du falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.