Koronabirusa

Datu ofizialen bila, ate joka

Koronabirusaren Ipar Euskal Herriko datuak lortzen saiatu da BERRIA azken asteetan, baina Frantziako erakundeek ez dute eman nahi departamendutik beherako daturik.
Baionako ospitalean artatu dituzte Ipar Euskal Herrian kutsatu diren gaixo gehienak.
Baionako ospitalean artatu dituzte Ipar Euskal Herrian kutsatu diren gaixo gehienak. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko apirilak 30

Herve Jonathan Baionako suprefetak eman ditu azken datuak. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, COVID-19 gaixotasunak kutsatutako 127 pertsona artatu dituzte Baionako ospitalean: 74 sendatu dira, eta 53 daude oraindik erietxean; hiru, suspertze zerbitzuan. Orotara, hamar pertsona hil dira ospitale horretan bi, Okzitaniakoak. Frantzia ekialdeko zazpi paziente ere egon dira Baionako ospitalean, baina etxera itzuli dira, sendaturik. Suprefetak apirilaren 27an eman zituen lehen datuak, nahiz eta martxoaren 16an hasi zen konfinamendua Ipar Euskal Herrian.

Koronabirusak kutsatutakoen eta hildakoen eguneroko zenbakiek markatu dute konfinamenduaren erritmoa COVID-19 gaixotasunaren krisia abiatu zenetik, eta Euskal Herriko datuak ematea izan da BERRIAren helburua hasieratik. Baina datuak lortzea ez da batere lan erraza. Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egunero jakinarazten dituzte datuak; Ipar Euskal Herriari dagokionez, ordea, Frantziak ez du datu ofizialik eman nahi.

Martxoaren 12an iragarri zituen lehen konfinamendu neurriak Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ordurako, Frantziako eskualde batzuetan hedatua zen birusa, baina Ipar Euskal Herrian ez zegoen kasu ezagunik. Biharamunean hasi zen BERRIA ARS Osasunaren Eskualdeko Agentziaren eguneroko txostenak jasotzen. Akitania Berria eskualdeko datuak bidaltzen ditu, departamenduka banatuak. Martxoaren 13an zazpi kasu ziren Pirinio Atlantikoetan azken zenbaketan, 299 positibo eta 23 hildako; ezin jakin horietako zenbat ziren Euskal Herrikoak.

Ondoko egunetan agertu ziren orain arte izan diren bi foku nagusienak: Atharratzekoa (Zuberoa) eta Bokalekoa (Lapurdi). Zuberoako kasuarentzat, osasun zerbitzuek ez zuten ohartarazpenik eman: zurrumurru batetik abiatu zen, harik eta martxoaren 19an Mauleko herriko etxeak baieztatu eta ofizial egin zuen arte. Bokaleko kasua ere prentsan agertu zen: martxoaren 29an, Sud Ouest egunkariak argitaratu zuen Francis Gonzalez auzapeza Baionako ospitaleko suspertze zerbitzuan sartu zutela. Ordurako, Marie Ange Thebaud hautetsia etxera itzulia zen, ospitalean astebete igaro ondotik. Osasun zerbitzuek ez zuten jakinarazpenik eman. Behin baino gehiagotan galdetu zaio ARSi Ipar Euskal Herriko datuak emateko, baina ez dute onartu.

Erietxeen eta zahar etxeen jarraipena egitea izan zitekeen beste aukeretako bat; baina kasu larrienak baizik ez dira iristen ospitaleetara: gainerakoak herrietako sendagileek tratatzen dituzte. Gainera, Baionako ospitalera Okzitania hegoaldeko kasuak ere eramaten dituzte, eta Zuberoako gaixoak Paueko (Okzitania) ospitalera bideratzen dituzte. Apiril hasieran, Frantzia ekialdeko ospitaleen saturazioari aurre egiteko, bertako gaixo batzuk Baionara garraiatu zituzten. Baionako ospitaletik informazio zuzena lortzen saiatu zen BERRIA konfinamendu hasieran, baina ARS osasun agentziara jotzeko erantzun zioten. Zahar etxeei dagokienez, erantzuten duten gehienek ez dute hitz egin nahi izan.

Martxoaren 30ean, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarekin mintzatu ondotik, Baionako ospitaleko datuak eman zituen Vincent Bru diputatuak Facebooken: hamabost lagun erreanimazioan horietarik sei, Frantzia iparraldetik iritsiak, eta bi hildako; Paueko (Okzitania) ospitaleko datuak ere eman zituen, zehaztu gabe bertan artatutakoen artean euskal herritarrik ba ote zegoen. Konfinamendua abiatu zela hilabete betetzear zela egin zuen lehen agerraldia Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, bideokonferentzia bidez, apirilaren 10ean. Ipar Euskal Herriko datuez galdera egin zioten kazetariek. Erran zuen bazuela informazioa, baina ez zuela jakinarazteko baimenik.

Heriotza tasa

Apiril hasieran ekin zion BERRIAk heriotza tasa ikertzeari, erakundeek emandako datu ofizialekin alde handirik ote zegoen aztertzeko. Apirilaren 25ean argitaratu zuen egunkari honek iazko heriotzekin eginiko konparazioa. Baina hor ere ezin Ipar Euskal Herriko datuak zehatz eman. INSEE Frantziako Estatistika Institutuak hilabetero argitaratzen ditu heriotzei buruzko datuak; departamenduka biltzen ditu, baina hildakoen informazioak ematen ditu, sexua, jaioteguna, jaioterria eta hil diren herria zehaztuz. Apirilaren 17an argitaratu zituen INSEEk martxoko datuak, eta hortik herriz herriko kontaketa eginez bildu zituen BERRIAk Ipar Euskal Herrian hildakoen datuak. Apirileko datuak estimazio baten bidez kalkulatu zituen.

Berriki, heriotza datuak egunero argitaratzen hasi da INSEE, baina hildakoei buruzko zehaztapenik eman gabe. Frantzia, eskualdeak eta departamenduak. Ipar Euskal Herriko datuak bereizteko aukerarik baden galdetu du BERRIAk institutuan —izan ere, Euskal Elkargoa sortu denetik, lurralde horri dagozkion demografia datuak argitaratu ditu INSEEk—.

Herriko etxeetatik jasotako datuekin osatzen dituzte hildakoen fitxategiak INSEEn, eta bide hori ere jorratu du BERRIAk. Euskal Elkargoko komunikazio zerbitzuari galdegin zitzaion haien bidez informazio hori lortzeko biderik badagoen; ezetz, ez dela haien eskumena, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak zentralizatzen duela dena. Prefeturako komunikazio zerbitzuei bidalitako mezuak erantzunik gabe dira gaur-gaurkoz.

Eskaera bat baino gehiago egin ondotik, lehengo astean erantzun zuen INSEEko prentsa zerbitzuak: ez dituzte departamenduaren azpiko datuak argitara aterako. Datuen fidagarritasuna eman dute arrazoi gisa: herriko etxe guziek ez dituzte informazioak bidaltzen, eta jasotzen dituztenak ez dituzte epe beretan jasotzen. Ondorioz, estimazio batean oinarritzen dira, eta kontsideratzen dute departamendutik behera fidagarritasuna galduko lukeela datuak.

Apirilaren 10eko agerraldian, Etxegaraik erran zuen Euskal Elkargoa babes neurrietan burujabe izatea nahi zuela. Gaur-gaurkoz, datuen eremuan ez du erabakirik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezin da Nafarroatik irten edo hara sartu. Irudian, foruzainen kontrola, atzo, Beran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek

Joxerra Senar

Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin
 ©JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

«Ahalegin kolektibo bat egin behar da»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Egoera kezkagarrian dago Gipuzkoa. Neurriak zorrotz betetzera dei egin du bozeramaileak.

Izurria ZIUei erasaten ari da: 112 gaixo daude gaur egun

Irati Urdalleta Lete

Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta 708 lagun daude erietxeratuta. Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira berriz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna