Koronabirusaren azken datuak

COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen du grafiko eta mapa interaktibo sorta honek. Izurriaren une larrienak martxoan eta apirilean gertatu ziren. Maiatzean eta ekainean apalduz joan zen gaitzaren hedapena, baina udan berriro hasi dira ugaritzen positiboak, ospitaleratzeak eta agerraldiak.

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean.
Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. Andoni Lubaki / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko irailak 18

[Klikatu grafikoen gainean, kopuru zehatzak ikusteko]

Izurriaren dimentsioa erakusteko eta bilakaera aztertzeko osatzen ditu BERRIAk grafiko hauek, erakunde publikoek emandako datuekin eta lanketa propioarekin. Koronabirusaren zabalpena eta bilakaera diferentea ari da izaten urte sasoiaren arabera; horregatik, bi bloketan bereizita agertzen dira datuak. Bigarren olatuari buruzko blokean azkeneko hilabeteetako datuak daude bilduta. Aurrerago, lehen olatuak ekainaren 30 arte utzi dituen datuak agertzen dira.

 

Bigarren olatua

Birusaren zabalkundea jarraitzeko datu esanguratsuenetako bat PCR positiboen bilakaera da, COVID-19arekin kutsatu berri direnen datua erakusten baitu, goiko grafikoan ageri denez. Horrekin batera, adierazgarria da ospitaleratze berrien datua ere, gaitzak osasun sisteman sor dezakeen kaltearen neurria ematen duelako. Bi adierazle hauek momentuko egoeraren argazkia osatzen dute batera jarrita, eta horietan igoera azkar bat gertatzea ez litzateke seinale ona izango. Uztail-abuztuetan gertatu da hazkunde bat bi datu horietan, baina udaberriko hazkundearen aldean mantsoagoa izan da.

Kopuru absolutuetan, Bizkaian ari dira agertzen koronabirus kasu positibo berri gehien udan. Baina ez dira gauza bera 100 kasu Bizkaian, eta 100 kasu Araban; horregatik, gaitzak herrialde bakoitzean nolako intzidentzia duen ikusteko, herrialde bakoitzeko biztanle kopuruarekin alderatzen da datua. Egunero, aurreko hamalau egunetan herrialde bakoitzean metatutako PCR positiboen kopurua hartzen da, eta herrialde bakoitzeko 10.000 biztanleko zenbat positibo izan diren kalkulatzen da.

Tasa horrek islatzen du, beraz, COVID-19ak lurralde bakoitzeko biztanlerian duen eragina eta horren bilakaera. Ondoko grafikoan ikusten da uztail bukaeran Nafarroan izan zuela gaitzak intzidentzia gehien, baina abuztuan Araban eta Bizkaian egin zuen gora; Gipuzkoan, berriz, uztailean hasitako goraka apaldu egin da abuztuan, eta gero berriz goraka hasi. Ipar Euskal Herriko datu xeherik eman gabe jarraitzen du Frantziako Estatuak, baina Hegoaldeko lau pronbintzien bilakaera aztertzea posible da:

Azpiko mapa honek erakusten du non detektatzen ari diren kasu positibo berriak. Azkeneko zazpi egunetako datuak metatuta, kasu gehien zein osasun eremutan pilatzen ari diren ikus liteke. Jaurlaritzak herriz herriko datuak ere ematen ditu, eta horiek ere kontsulta litezke. Klikatu maparen gainean, datu xeheak ikusteko:

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ospitaleetako egoerari buruzko xehetasun batzuk ez dituzte eman uztailean zehar, baina abuztutik aurrera hasi dira egunero jakinarazten ospitaleetan zenbat gaixo dauden COVID-19aren eraginez, eta zenbat dauden ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Bilakaera ulertzeko: ekainaren 30ean 209 gaixo zeuden erietxeetan koronabirusarekin, eta horietatik zazpi soilik zeuden ZIUetan. Abuztuan nabarmen hasi dira igotzen ospitaleratuen zifrak, eta ZIUetan daudenen kopuruak ere bai.

Jaurlaritzak aldaketa estatistiko bat egin du abuztuan, bestalde: abuztutik aurrera, bereizi egiten ditu erietxeetan dauden gaixoen dautak: koronabirusarekin —azken 60 egunetan positibo eman bai, baina seguru asko birusagatik ospitaleratu ez dituztenak— eta koronabirusarengatik —azken 60 egunetan positibo eman, eta birusa kausa nagusia izanik ospitaleratu dituztenak—. Nafarroako Gobernuak ez du bereizketa hori egiten. Koronabirusarengatik ospitalean daudenen datuak soilik biltzen ditu azpiko grafikoak, eta etxeko ospitaleratze egoeran daudenen datua ez du hartzen. Administrazioek, bestalde, ez dituzte ematen klinika pribatuetako datuak:

Izurriaren denbora guztian zainketa intentsiboen unitateetan koronabirusak jotako zenbat gaixo egon diren erakusten du azpiko mapak. Nafarroak ez du xehatzen datu hori, eta Baionako erietxe publikoko daturik ere ez dago, baina Osakidetzako ZIUak nola egon diren eta dauden argi erakusten du:

Koronabirusak jota hiltzen ari diren gaixoen datua da egoeraren adierazle gordinena. Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dagoen arren, ezagutu da gutxienez hamar gaixo hil direla. Abuztuan, Jaurlaritza hasi zen bereizten koronabirusarekin hildakoak eta koronabirusarengatik hildakoak, eta datua astean behin ematen hasi zen; serie estatistikoa ez aldatzeko, momentuz koronabirusarekin hildakoen datuak biltzen jarraitzen du BERRIAk grafiko honetan:

 

Otsailaren 28an baieztatu zituzten koronabirusak kutsatutako aurreneko bi gaixoak Euskal Herrian: Araban bat, eta Gipuzkoan bestea. Orduz gero, azkar zabaldu da gaitza, eta milaka pertsona kutsatu ditu, horietako asko ospitaleratu behar izan dituzte, eta ehunka hil ditu, normalean garai horretan Euskal Herrian hiltzen direnak baino askoz gehiago. COVID-19ak Ipar Euskal Herrian apenas izan du eraginik heriotza kopuruan, baina Hego Euskal Herrian, handia; batez ere Arabako eta Nafarroako herri batzuetan. Nafarroako Gobernuak ez du ematen herriz herriko daturik heriotzentzat, baina Eusko Jaurlaritzak aletu egiten du herri bakoitzean zenbat heriotza gertatu diren eta zenbat test positibo agertu diren guztira. Azpiko taulan egin liteke kontsulta. Herri bakoitzean mila biztanleko zenbat heriotza izan diren ere agertzen du:

Udan gazteak kutsatu direla ohartarazi dute administrazioek, baina ez da horrela izan denbora gutzian. Uztailera arte, 20 urtez azpikoak eguneroko positibo berrien %6 baino gutxiago ziren; uztail bukaeran, %23raino ugaritu ziren, baina abuztuan jaitsi egin da kutsatutako gazteen proportzioa, eta %10aren bueltan finkatu da. Hori izan da proportzioetan aldaketa handia eragin duena. Kutsatutako 20 eta 29 urte artekoen proportzioak ez du hainbesteko gorabehera izan, baina nabaritu da: uztail hasieran positibo berrien %14 inguru ziren, eta uztail bukaeran, %22 inguru.

Azpiko grafiko hau interpretatzeko, nolanahi ere, kontuan izan behar da ekainean eguneko hogei positibo berri baino gutxiago agertzen zirela, hamar baino gutxiago ere bai egun batzuetan, eta abuztu bukaeran milatik ibili direla egun batzuetan. Proportzioa irakurtzeko garrantzitsua da datu hori.

Uztailean hasi zen agerraldiak jarraitzeko aztarnarien lana nabarmen handitzen. Azpiko grafikoak argi erakusten du uztailaren erditik aurrera hasi zirela administrazioak PCR testak nabarmen gehiago egiten. Uztail hasieratik abuztu bukaerara, 2,5 aldiz biderkatu dute PCR proben kopurua. Test horietan atzemandako positibo kopurua askoz gehiago hazi da, ordea: ekainaren bigarren hamabostaldian detektatutakoak baino 43 aldiz positibo gehiago atzeman zituzten abuztu bukaeran.

PCR gehiago egin ahala agertzen dira positibo gehiago, baina korrelazioa ez da zuzen-zuzena, eta azpiko grafikoak erakusten du gaitza zabaltzen ari delako, baliabide gehiago daudelako, eta jarraipena martxoan baino zorrotzagoa delako ari direla PCR gehiago egiten. Ekaineko azken hamabostaldian, 221 test egin behar ziren positibo bat atzemateko, eta abuztuko azkeneko hamabostaldian, hamabi probatik bat ziren positiboak.

 

Lehen olatua

Hurrengo grafikoetan COVID-19aren izurriaren lehen kolpearen datu nagusiak biltzen dira, martxoaren 1etik ekainaren 30era bitarteko datuekin. Albiste honetan irakur liteke koronabirusaren lehen olatuak Euskal Herrian utzi duen lorratzaren azterketa sakonagoa, galdera-erantzunen bidez.

Maiatzaren 14an Jaurlaritzak aldaketa handi bat hasi zuen ordura arte ematen ari zen datuen egituran eta, ondorioz, 600 bat hildako desagertu egin ziren datu serieetatik. Espainiako Osasun Ministerioak eskatutako datu sortara egokitzeko egin zituen Jaurlaritzak aldaketa horiek, eta aldaketa horiek egiteko arlo publikoko ospitaleetako datuetan oinarritu zen, zahar etxeetan eta klinika pribatuetan hildakoak, ordura arte ez bezala, datu serieetatik kanpo utziz. BERRIAren azpiko grafiko honek, ordea, hildako guztien datuak biltzen ditu.

Azkar kutsatzen eta hedatzen da COVID-19a, eta osasun sistemak kolapsora eraman ditzake, jende gehiegi kutsatzen bada aldi berean. Ospitaleen egoera adierazle garrantzitsua da, beraz, gaitza zer ondorio eragiten ari den konturatzeko. Martxoaren 1ean ospitaleratu bakarra zegoen koronabirusagatik, eta martxoaren 31n, hilabete geroago, 2.818 ziren. Garai horretan jo zuten gailurra erietxeek. Zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) apirilaren 4an jo zuten goia: 325 pertsona aldi berean ZIUetan. Momentu bakoitzean ospitaleetan izan den egoera eta bilakaera orokorra erakusten du azpiko grafikoak, beraz.

Ospitaleratuen datu serieetan ere aldaketa handiak egin zituen Jaurlaritzak maiatzaren 14tik aurrera: kanpoan utzi zituen zentro pribatuetako datuak, nahiz eta ordura arte eman zituen. BERRIAk datu serie zaharra mantendu du goiko grafikoaren oinarri gisa, ehunka ospitaleraturi buruzko estatistika gal ez dadin.

Zahar etxeetan eragin du koronabirusak kalte gehien: gaitzarengatik hildakoen hamarretik lau egoitza horietan bizi ziren eta Europako joeraren antzekoa izan da Hego Euskal Herrikoa horretan. Argigarria da azpiko grafikoa, erakusten duelako apirilean gertatu ziren zaharren egoitzetako egoiliarren heriotzen bi herenak. Ekain erditik aurrera desagertu da gaitza zahar etxeetan.

Nafarroak eta Bizkaiak aitortua dute zahar etxeetan askoz pertsona gehiago hil direla, antzeko sintomekin hil direlako 200 bat egoiliar gehiago, baina testik egin ez zietenez, ez dira agertzen estatistiketan.

Euskal Herriko hilkortasunari buruzko azterketak ere agertzen du ondorio bera: estatistiketan agertzen direnak baino ehunka pertsona gehiago hil ditu koronabirusak. Hilabeteak beharko dira datua zorrozteko, eta, hala ere, beharbada estimazioak besterik ezingo dira egin azkenean. Edozein moduz, erregistro zibiletako datuek erakusten dute normalean baino ehunka heriotza gehiago gertatu direla martxo erditik apiril bukaerara. Probintzia bakoitzean koronabirusak utzi duen heriotza arrastoa oso ezberdina da, halere; askoz txikiagoa da Gipuzkoan.

Konparazioa hilabeteen artean egiten bada ere, emaitza argigarria da. 1980tik ez dago lehenagoko daturik, inoiz ez da aurten adina jende hil martxo batean; eta jende gehiago hil den apirilik ere ez da izan azkeneko berrogei urteetan. Maiatza eta ekaina, ordea, heriotza kopuru ohikoen barruan sartu dira.

Munduko heriotza intzidentzia tasarik altuenetakoa duten herrialdeen artean dago Euskal Herria. 100.000 biztanleko, ia 68 hil ditu koronabirusak, ekainaren 30 arteko datuekin; Erresuma Batuan, Italian, Suedian eta AEBetan baino tasa handiagoa da hori, adibidez.

Jaurlaritzak maiatzaren 14an egin zuen aldaketaren ondorioz, momentuz BERRIAri ezinezkoa zaio eguneratzea probintzia bakoitzaren datu batzuk. Horregatik, heriotza tasaren grafikoa eguneratu gabe gelditu da harrezkero. Edonola ere, ikusten da Araban izan duela koronabirusak intzidentzia handiena heriotzatan maiatzaren 14 arteko datuekin, 10.000 herritarrek ia 11 hil ditu han, eta ondoren, Nafarroan 10.000tik ia zortzi, nahiz eta Bizkaia ere ez duen urruti 10.000tik zazpi pasa. Askoz intzidentzia txikiagoa izan du Gipuzkoan, 10.000tik ia lau pertsona hil baititu:

Hamar heriotza Ipar Euskal Herrian

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, koronabirusak Hegoaldean baino intzidentzia txikiagoa izan du lehen olatuan, baina ez dago hiru probintzia horien datu ofizialik. BERRIAk Baionako ospitaleari datuak eskatu zizkion zuzenean, baina zentroak erantzun zien ez zuela baimenik datu horiek emateko. ARS osasun agentziari eta INSEE estatistika institutuari ere eskatu zizkion datuak, eta departamenduaz beheragoko datuak ematea ezinezkoa dela erantzun zioten kazeta honi.

Hala ere, apirilaren 27an jakin zen Baionako erietxean gutxienez hamar lagun hil direla; horietatik bi Landetakoak (Okzitania) ziren, eta, hortaz, gutxienez zortzi euskal herritar hil dira Lapurdin koronabirusaren eraginez. Prefetak jakinarazi zuen 127 gaixo artatu dituztela erietxe horretan, apirilaren 27 arte. Atharratzen (Zuberoa) sortu zen beste foku bat, baina Zuberoako eta Nafarroa Behereko gaixo gehienak Paueko ospitaleetara (Okzitania) eramaten dituzte; Zuberoako bi gaixo hil ziren han, martxoan. Hortaz, gutxienez hamar euskal herritar hil dira Ipar Euskal Herrian.

Martxoaren 19tik aurrera, adinaren araberako datuak ematen hasi zen Eusko Jaurlaritza; diagnostikatutako kasuen erdiek 60 urtetik gora zituzten, baina beste gehiengo handi batek (%44 inguruk), 30 eta 60 urte artean. Gaitzak adinduei dakarkien arriskua ere erakusten dute datuek, ordea: diagnostikatutako 90 urtez gorakoen lautik bat baino gehiago hil dira; eta 80 eta 90 urte artekoetan, bostetik bat baino gehiago. Nafarroak ez ditu datuak adinka bereizten, baina ondorioa antzekoa da: herrialde horretan hildakoek 83 urte zituzten batez beste. Adina jaitsi ahala jaisten da hilkortasun portzentajea, beraz, hurrengo grafikoak erakusten duenez:

Herriz herriz zenbat pertsona dauden kutsatuta ere jakinarazten hasi zen Osakidetza martxoaren 19an. Nafarroako udalerrien datuak ere badira, baina gobernuak ez du horien berri ematen. Horren ordez, osasun eremuen araberako datuak argitaratu zituen Nafarroak martxoaren 26an, aurreneko aldiz.

Koronabirusa egunez egun

Koronabirusaren krisiari buruzko buletin berezi honek azken 24 orduetan gertatutakoaren gakoak eskainiko dizkizu. Arratsaldero jasoko duzu.

Albiste gehiago

PCR probak Irunen, irailaren hasieran. ©Gorka Estrada / EFE

Positibo gutxiago, baina gaixo gehiago ZIUn

BERRIA

Denera, beste 35 gaixo sartu dituzte erietxeetan azken 24 orduko epean, eta 80 daude zainketa berezian.

Pertsona batzuk paseoan, maiatzeko arintze fasean, Zestoan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Positiboek gora egin dutela egiaztatu dute Zestoan, eta neurriak hartu dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Jaurlaritza ez da udalarekin harremanetan jarri, baina kasuak areagotzea espero da. Hegoaldean gora egin dute positiboek eta ospitaleratzeek

Osakidetzako protesta, atzo, Donostiako Amara Berriko osasun zentroaren aitzinean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Osakidetzako «sakoneko arazoei» heltzeko eskatu dute sindikatuek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Protestak egin dituzte lehen arretako zentroetan. Langile gehiago eskatu dituzte, eta murrizketetan «galdutakoa berreskuratzea». Osasun Sailak dio «benetako konpromisoa» duela «sendotzeko»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informatzeak zenbat balio duen.

Izan zaitez BERRIAlaguna