Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Tristesa

2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Mutua den mandarinondoa bizi da nire etxean. Alegia, ez duela mandarinarik ematen. Alegia, pisu-kideak garela. Aspaldi ezagutzen dugu elkar, nik ura eta ongarriak botatzen dizkiot eta bera loratu egiten da. Loratzeak, baina, ez du gauzapenik izan orain arte. Jan ditudan mandarina denak fruta-dendan erositakoak izan dira. Etxetik pasatzen den orok amaitzen du beti galdera bera egiten: honek, baina, ez du fruiturik ematen? Bada, ez. Beti onartu dut bere izaera zela, hots, eman eta zabaltzen ez diren horietakoa zela; ez zuela kenduko zioten fruiturik eman nahi. Lehengoan, ordea, batek gako interesgarria eman zidan: horrek tristesa du. Gaixo dago mandarinondoa.

Ferekak eta losintxak behar ei dituzte zitrikoek; mandarinondoek ere bai. Mainontziak dira. Mimorik ematen ez diezunean, jaramonik egiten ez diezunean gaixotzen dira eta tristesa delakoa sartzen zaie. Zirt-zart batean hil litezke. Ihar, kolore bako eta depresioak eragindako zokogunez beterik amatatzen doaz zeharo desagertu arte. Birus indartsua da tristeziarena, kutsakorra, eta errotik eten egin behar omen da. Nor izan zen mandarinondoaren (zitrikoen, orokorrean) minari hain izen poetikoa eman ziona? Nork sentitu zuen arbolaren mina hain berea tristeziarekin identifikatu zuela? Ingelesez citrus tristeza virus (CTV) izena du. Frantsesez ere tristeza izena du. Euskaraz ez dakit izenik ote duen, baina tristezia beharko luke.

Khalil Gibranek tristeziaz zioen, bi baratzen arteko harresia dela. Mandarinondoa eta bion artean, hortaz, tristesa sartu da. Nire losintxek ez dute dagoeneko balio, ongarriak eta urak ezer gutxi egin lezakete. Harrapatuta dago. Azken loraldia izan litekeena ikusi diot gaur. Beldur naiz baratzea salbatzeko ez ote dudan mandarinondoa hil beharko, eta tristeziaren hiltzaile izan naitekeela pentsatzean ez naiz oso eroso sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.