Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Akelarreak

2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Barretan barre nabil egunotan. Eliza katolikoaren ordezkariak hizketan irteten direnean gero eta gehiagotan umore saioak egitera agertzen direla iruditzen zait. Alde horretatik gure bizitza arrunt eta, maiz, latza alaitzera etortzea beti da eskertzekoa. Zerbitzu publikoa, you know. Espero dezagun ikus-entzunezko hedabideren batek gotzainen harrobia antzeman eta kontratatuko dituela. Azken umore saioa Andaluziatik datorkigu. Kordobako gotzainak berba egin du: bihar eguzkia eta eguraldi ona esan zezakeen, majara asanbladak egiten zuen gisara. Baina ez, Demetrio Fernandez gatzdunagoa da. Munduaren jatorriaz jardun du. Umeak zikoinak ekar zitzakeela esateko tentatuta egon da, baina xaloegia iruditu zaio gotzainari azken unean (eta badaki, jakin, zikoinarena egun inork ez duela sinesten) eta argudioak aldatu egin ditu. Umeak aita eta amaren maitasun besarkadatik jaiotzen dira. To eta no esaldia! In vitro ernalketa, aldiz, akelarre kimikoa da. Hau barre algara, hau. Ez esan, gero, dibertigarria ez denik. Txistagarria da. Bere umorezko adierazpena entzun ostean Gustave Courbet eta bere L'origine du monde (munduaren jatorria) margolanarekin gogoratu naiz. Ziurrenen Kordobako gotzainari bekatu barkaezina, sakrilegioa eta deabrukeria begitanduko zaio bagina hori; atera kontuak zer pentsatuko duen Courbeten gainean. Izan ere, umeak ez dira Courbetek adierazitako lekutik ateratzen, ez.

Bertoko gotzainak ere ez dira makalak. Umoretsu jartzen direnean handienak izan daitezke. Ukaezina da berba jostaketarako asmatzen dituzten hitz-jolasak bikainak direla: marxismoaren metastasia, familia-dekonstrukzioa, errukiaren manipulazioa. Edozein sukaldari menutan aurki zenitzakeen elementuak.

Urtea amaitzear dago, eta desio onak opa behar dira. Gauza asko opa niezazkizuke, denak onak, noski. Akelarre gozagarri asko opa dizkizut. Eta umorea, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.