Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Konplizitatea

2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez dut Eibarko jokalarien menage à trois-a agertzen duen bideoa ikusi. Eta ez dut ikusiko. Ez da morbo kontua, nik ere bai baitut morborik. Enpagua ematen didate tankera honetako bideoek. Nazka-nazka eginda naukate, beti, galtzaile bera dutelako: emakumea. Gizon batzuk euren (txarto ulertutako) gizontasuna erakusteko duten joera hau ulergaitza zait oraindik ere. Piztikeria. Sexu harremanak zabaltzeko joera betikoa da, eta, orain, sakelakoen bidez, errezagoa. Inpunitate osoz egiten dute, lagun arteko konplizitate lez. Eta zerbait esaten baduzu beti-betikoa erantzungo dizute. Eibarko taldeari min egin diotelako eskatu dute barkamena jokalari biek. Bai, egia da, amaieran emakumeari egin liezaioketen kalteagatik barkamena eskatu dute. Umeentzat eredugarri izan nahi duten gizon hauek zer mezu bidali diete, baina? Emakumeari egin dakiokeen kaltea gutxienekoa dela, garrantzitsuena taldearen ohorea dela eta, nonbait, egin duten honekin kalte egin diotela ohore horri. Emakumea, azken batean, zer da? Zulo batzuk, dibertitzeko gauza bat. Emakumeak epailearen aurrean salatu du jazotakoa; ia zer epai-bide egiten duen horrek.

Sanferminetan bortxaketa egin bide zutenek, lehenago, Kordoban (Espainiako hiria) ere egina omen zuten. Epaileak ebatzi arte ustezkotasunari heldu behar zaio. Bideoa lagun artean hedatu ei zuten, eta zenbat barre eta trufa egin zuten? Ene, emakume ergel horrek merezia zuen pasatutakoa; izan ere, emakumea da; beraz, pasatzen zaion dena merezi du; emakumea delako.

Asier Sarasua eibartarrak bere blogean gaitzetsitakoa gustatu zait. Ez dut itxaroten Eibarko futbol taldeko zuzendaritzaren gaitzespen oharrik; eta ondo legoke. Hori Eibarko mutikoentzat eredugarria litzateke, erakustea, gauza denen gainetik errespetua ezinbestekoa dela. Edozer gauza egin litekeela adostutakoa bada.

Eta ez, ez dut bideoa ikusiko. Ez dut konplize izan nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.