Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Intsumisioa

2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Zientzilarien arabera, 130 urte baino gehiago ezin da bizi gizakumea. Bizitza honetan dugun ziurtasunik nagusiena, beharbada, bakarra: denok hilko gara (gaur-gaurkoz, jakina). Jaiotzen garenetik hasten gara hiltzen, nahiz eta heriotzaren kontzientzia beranduago ailegatzen zaigun.

Laurogeita hamarrak joanak dituen amaren ezagun batek gero eta hurbilago dakusa heriotza. Kristau fededuna izaki lantzean behin lasai ei dago jakina baita (kristaua bazara, noski) heriotzaren ostean bestelako bizitzarik badela. Horixe da Eliza katolikoaren ordezkariek behin eta berriro diotena. Berak, baina, berrespena behar du; noizean behin desolazioak hartzen baitio hogeita bat gramuko arima. Kalean herriko abadearekin egin zuen topo desanparoak jaten zaituen egun horietako batean. «On Antonio, beraz, hil ostean, bada beste bizitzarik, ezta?». Ziurtasuna behar zuen. Antoniok, nonbait, intsumiso eguna zuen, edo beharbada sinesgaiztoak eman zion, batek daki zer gertatu zitzaion eman zion erantzuna emateko. «Tira, Rosa, hori sinesteak lasaitu egiten bazaitu, zure bizitzaren azken uneak zoriontsuago emateko balio badizu, ba ederto». Bai, irakurle estimatua, ortzemugatik hona herioa ikusten duen emakumea zur eta lur geratu zen. Gure amak harri eginda aurkitu zuen laguna. Zalantza existentzial konpon ezinekin, eta herioaren arnasatsa garondoan zuela. Ama sutu egin zen. Azken boladaotan Jaungoikoarekin haserre dago, eta lagunari pasatutakoa bere krisialdi sakonari egur gehiago botatzea baino ez da izan. Gartuta esan zidan. «Zer gara gu babaloreak, ala?». Nik barre egin nuen. Baina buruan abadea nuen. Zer pasatu zitzaion gizon horri zabaldu behar duen mezuari muzin egiteko? Berak ere zalantza existentzialak ote zituen? Nik uste dut emakumeak bizitzaren ondorenaz galdetzerakoan makalaldi une zorigaiztokoa izan zuela. Transgresio une bat. Berak, nola ez, ahulaldia deabruari egotziko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.