Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Maleta

2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zenbat bizitza sar liteke maleta batean? Nire bizitzako zenbat gauza sartuko litzateke hor? Duela hilabete batzuk lanera bidean gizon bat ikusten dut. Auto asko dabilen errepide alboko zubipea egin du abaro. Ingurutik jendea pasatzen zaio, baina ez du bere loa aztoratzen. Bere bizitza ere ez. Ikusezina da. Kartoi gainetan egiten du lo, lo-zaku zahar batek estalita. Batzuetan oinetan, besteetan buru aldean, maleta handi bat izaten du. Zahartua, erabilia. Zer eramango du bertan? Bere jabetza oro, ziurrenen. Egunak joan egunak etorri, baina, ezer ez eramatea ere izan litekeela pentsatu dut. Hutsik dagoela, alegia, agian horixe duela ondasun bakar: maleta.

Ikusten dudanero gauza asko etortzen zaizkit burura, baina sekula ez dut trufarako burutaziorik izan. Ikusi dut egunotan Donostiako alkateordeetako batek txantxa egin duela hiriko kalean lotan zegoen homeless-aren kontura. ¿Servicio de habitaciones? (Logela zerbitzua?). Argazkiko etxebakoak ere maleta bat zuen. Zur eta lur geratu naiz politikariaren txantxarekin; errespetu faltarekin. Egia esan, ezin nuen sinistu. Bere kontuan sartu naiz, baina ez dut aurkitu. Ezabatuko zuen. Hori baldin bada agintari politiko batek gizartearen bazterraren bazterrean bizi den gizaki baten aurrean pentsatzen duena, uste dut dimisioa aurkeztu beharko lukeela. Beste herri (serioago) batzuetan gauza gutxiagogatik kargu publikoa utzi du askok. Eta berdin zait zein alderdi politikotakoa den. Hiritarren ordezkaria da, eta, ordezkari legez, eredugarria izan behar du. Erantzukizun publikoa ez da jantzi eta erantzi egiten den zera, ordezkari publiko garenean etengabe daramagun ardura baizik. Nazkatuta nago maila ematen ez duten ordezkari publikoekin.

Eta sinets iezadazu, irakurle estimatua, berdin zait zein alderdi politikotakoa den, horrelakoetan dimisioak berehalakoa beharko luke. Ardura publiko eta politikoa gauza serioak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.