Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Atlantikoa

2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Metroa, erdi hutsik. Emakume bi solasean. Ni, ez oso adi. Halako batean, baina, batak besteari«gu herri mediterranear moduan...», esan, eta hor konektatu nintzen. Horrelakoak entzuten ditudanean J.M. Serraten kantuari ekiten diot (neure-neurerako, jakina). Inkesta egitear nago, baina beldur naiz. Zein itsasok bustitzen gaitu galdetzerakoan zenbatek erantzungo luke Atlantikoa? Atlantikoak kantu handi eta on bat behar du; alegia, Serratek Mediterraneoari egin zion kantuaren antzeko zeozer egin beharko lukeela gure kantariren batek. Etxean, Euskal Herriko lekurik urrunenetik (gutxi gora behera) itsasora dagoen distantzia begiratu nuen. Tuteratik Donostiara, 180 km. Tuteratik Bartzelonara, 390 km. Santa Engrazitik Donostiara, 173 km. Santa Engrazitik Perpinyà-ra, 480 km.«...Zurean ehunka herri isuri dituzte/ Algecirasetik Istanbuleraino/ Urdinez margo ditzazun/ bere neguko gau luzeak...». Ez dira Atlantikoan, bada, neguko gauak luze eta urdinak? Eta Oslotik Ushuaiara zenbat herri isuri dira? Ez iezadazu esan kanturik egiteko oinarri nahikorik ez dugunik. Egia da Atlantic river izena eman ziola Juan Carlos Perezek disko bati, baina Serratenak adina oihartzun izan du? Ez. Hortaz, beste kanturen bat behar dugu. Agian, Harkaitz Canok egin litzake hitzak, edota Itxaro Bordak; eta gero hedapen handia duen bertoko kantariren batek kantatu. Pentsatzen ari naiz nork egin lezake... Fitok... Francisek... LODVG-ek... Eñaut Elorrietak... Consorciok... KalakanekMadonnarekin... Maria Bayok...? Kooperatiboki ere egin liteke, jaialdi/ospakizun ezberdinetarako egiten diren abestien gisara. Uste dut, baina, indar gehiago izango lukeela bakar batek abestuko balu. Ez dizut ikusten baina nabaritzen dizut: ez zaitut konbentzitu. Hori da metroan solasaldi txatxu batek duen sakontasunak ttak egin ez dizulako egin. Atlantikorako kantu bat behar dugu nor eta nongoak garen gogora diezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.