Miren Amuriza.
LARREPETIT

Basatza

2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Martxan da Estokolmon Eurovision festibala. Maiatzaren 10etik 14ra bitartean bertan piztuko dituzte fokuak komunikabideentzat eta amatatuko Europako ateetan, errefuxiatuen kanpalekuetan, geratzen diren bonbilla bakanak. Basatza, bizitza, hantxe dago ordea, oholtzakoa ez baita antzezpena besterik. Parte hartuko duten 42 ordezkarietatik 39 ingelesez arituko dira, bi frantsesez (Frantzia eta Austria) eta bat bosnieraz. Demagun balizko euskal estatu independenteak herri galdeketa egin eta ordezkaritza bidaltzea erabakitzen duela. Baietz orduan arrakala zabaldu bigarren galderak: zein hizkuntzatan kantatu?

Aspaldion dezente ugaritu dira ingelesez diharduten euskal musikariak; Izaro Andres mallabiarrak esaterako, nortasun handiko ahotsa du. Eskolan ezagutu eta urte batzuetan pista galduta eduki ondoren, irratian entzun nuen orain gutxi. Hasieran arrotz egin arren, tinbrea esanahiari gainjarri eta berehala sorgindu ninduen. Lagun batek ziostan berari ahots soilak «ez ziola ezer esaten», konponduta geundela etxekoak ere atzerriko hizkuntzak hautatzen hasiz gero. Izarok baditu euskarazko kantak ere, besterik da ordea, Gaztean zergatik jartzen dituzten ingelesezkoak.

Aipatu lagunak bi bloketan banatzen du gizateria: «gureak» eta beste guztiak. Musikarien artean (teknikariak barne) guretzakotzat du ikastolen edo presoen aldeko jaietan, txosnetan eta gazte topaketetan jotzen duen sektore nagusiki harra; oholtzara, antzezpenera, euskaraz eta banderolaz estalita igotzen dena. Bertsolariok ere badugu espektakulu horietako backestagen berri eta han, basatzan, soinu mahaia kontrolatzen den txokoan, zigarroak erre eta eskaletak errepasatzen diren ostean, instrumentuak atera eta raiak sartzen diren kantoian, erdaraz egiten da sarri. Ni neu geroago eta gutxiago ordezkatzen naute talde horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.