Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Inkomunikazioa

2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eurokopak utzi du gure mendebaldeko gizarte hau ondoen azaltzen duen argazkia. Esajeratzen ari naiz, arreta neureganatzeko amarrua baino ez da. Argentinako futbol taldearen jantzilekuan ateratako argazkia mendebaldarrok egunero bizi dugunaren isla da.Zazpi jokalari azaltzen dira argazkiko eskuma aldean aulki banatan jesarrita. Atseden unean daude. Ez dira ezer ospatzen ari. Ez dabiltza elkarrekin berbetan. Burua aurrerantz makurturik dute, eta eskuetan bakoitzak bere sakelakoa du. Harekin ari dira komunikatzen. Alegia, urrun dagoenarekin erabat lotuta agertzen direla; euren artean, baina, bada ikus ezin daitekeen horma bat. Inkomunikazioa hurbilekoa da, komunikazioa birtualtasunean baino ez da ematen. Semiotikoki asko eman dezakeen argazkia da.

Metroan oso ohikoa da irudi hori. Bakarka doan jendea ikusten dut horrela. Agian bakardadeari ezin eutsi eta konexioa bilatzen dute, baina ez alboko ezezagunarekin, bai, berriz, urruneko ezagunarekin. Albokoa ez da existitzen. Nik aspaldi erabaki nuen telefonorik ez hartzea metroan. Eta aspaldi ez dut metroan sakelakoa ateratzen. Denei begira joaten naiz. Inork ez dizu begietara begiratzen. Akaso begiak pantailetan barna galdu dituzte. Metroan ligatzea amaitu da. Biologo trufariren batekin hitz egin nahi nuke kontu horretaz; izan ere, buru beheratzearen keinuak eragina izango du ondorengo belaunaldietan? Hainbeste urteko eboluzioaburua tente izateko, eta sakelako batek inboluziora eraman gaitzake?

Gilles Lipovetsky filosofo frantziarrak esango zukeen sormenaren zati dela, eta neurri batean smartphone hipermodernoetan bizi diren/garenok sortzen ari garela. Ez naiz soziologo, filosofo edota pentsalaria, baina, gauzak horrela, laster smartphone-rik gabeko guneak sortuko ditugu. Eta ez harritu tabernaren batean «hemen smartphone-rik ez» jartzen hasten badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.