Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zirgabidean

2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Jesus Moncadaren Camí de sirga eleberriarekin ikasi nuen Mequinensa non zegoen. 1966an urtegia eraiki zenean ez zen bakarrik herria izan urpean geratu zena. Jendearen bizikizunak ziren, jaso ezean, desagertuko zirenak. Eta hain justu istorio horiexek dira, fikzio geruza batez edertuak, Moncadak irakurleari kontatzen dizkionak. Nobela koral bat, irudi ezin adierazgarriagoan, herritarrak erakusten dituena, zertan eta,bi mende pasako gabarrari zirgaz tiraka ibaian gora.

Carmen Sanjuanekin solasean naizenean tartean behin ateratzen den gaia da Moncadaren mundua. Urtegiak kondenatu zuen hura. Gaur bestondo gozoz itzarriko da Carmen sorterririk urrun, bertara ezkondu zenetik bizileku duen Salvaterra de Minhon. Condadoko Poesia Jaialdian lanean aritu da berandu arte, eta hobe dut bihar-etzi arte itxarotea deitzeko. Eta badakit luze arituko garela, eta asteburuko ekitaldien berri emango didala, eta honetaz eta hartaz hitz egingo dugula, eta azkenean, berak ez bada neuk aterako dudala gaia, Carmen, zer egin behar duzu orain hizkuntza gabe?

Jesus Moncadari eta Aragoiko Ekialdeko Zerrendako biztanle gehienei bezala, Carmeni eta bere bi alabei hizkuntza kenduko dietela adierazi baitu aste honetan Aragoiko presidente den Francisco Javier Lamban sozialistak. Lotsagarria omen aurreko gobernuak egin zuena. Izan ere 2012tik Carmenek ez baitu katalanez hitz egiten, lapao delako horretan baizik, hau da, Lengua Aragonesa Propia del Área Oriental deritzon mintzo horretan.

Eta badakit barre ederra lehertuko zaiola, eta lagun artean soilik estimatzen diren perlaren bat botako didala telefonoz bestalde, zer esateko, eta ikaragarri pozten dela. Ikaragarri behingoagatik gobernu batek hizkuntza menostu bat dekretuz ezabatu duelako. A zer lasaitua, erantsiko du gero, hiru urte luze eman ditut ez nekien hizkuntza batean hizketan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.