urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Irakurtzen

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Atezuan jarri ohi naiz gatazka-lekuetan taxilarien adierazpenak erabiltzen dituzten kazetaritza erreportajeetan. Topikoaren arabera, berba asko egin ohi dute, ez dute ihesbiderik kazetariaren galderari, galdekatzailea bezero ere badutenez eta gainera leku itxi batean daude elkarrekin. Baina horrek berak, askotan, herrialdera iritsi berri den eta testimonioak jaso beharrean den berriemailea ere agerian utzi ohi du. Nire erreportajeetan arakatzen duenak aurkituko ditu taxilari bat baino gehiago, aitortuko dut. Herrialdeaz lehen ikuspegia ematea aski ariketa arriskutsua da, baina presaka egiten den kazetaritza-moldean geroz eta ohikoagoa ere bai. Eta lehen aitortza neuk ere taxilarien berbak erabili izana izan bada, hara bigarrena: aireportua izatea leku bateko errealitateaz hausnartzeko lehen tokia. Baina ematen daturik, begirada zorroztuz gero: Loiukoan esanguratsua da euskal produktu gastronomiko eta turistiko ugari daudela, baina nekez aurkituko duzu euskarazko libururik. El Prat-ek ere Katalunia idealizatuaren beste aurpegi bat erakusten dizu: badira katalanezko liburuak, ugari, baina espainiera eta ingelesa gailentzen zaizkio, kioskotik nobeletara eta, zer esanik ez, turismo-gidetan.

Sant Jordi eguna daukan nazioaz ari gara, liburua bereziki estimatzen duen herrialdeaz. Liburuaren egun bereziaren kari —bai, Shakespeare eta Cervantes ere gure ditugu—, datu interesgarriak jakinarazi ditu Santi Vila Generalitat-eko Kultura sailburuak: Katalunian liburuak irakurri ohi dituzten pertsonen kopurua gorantz doa, hirutik bi dira, oraindik Europako batez bestekoaren puntu bi azpitik badabil ere. Igoera handia izan da, batez ere, katalanez irakurri ohi dutenen artean: duela bost urte ehuneko 21 ziren, eta laurdena pasa berri dute, ehuneko 26 dira nagusiki katalanez irakurtzen dutenak (libururen bat gutxienez katalanez irakurtzen dutenak, berriz, ehuneko 88). Hau da, Kataluniako hamar irakurletik zazpik espainolez irakurri ohi dute, lautik batek katalanez, eta ehuneko 2,6k bietara. Horixe, Europako hizkuntza gutxituetan indartsuenaren egoera. Hizkuntza gutxitu baten errealitatea da, diglosiak gogor jota baina munduko hizkuntza garrantzitsuenarekin lehian aurrera egitea lortu duena.

Horrelako datuak, bistan da, lan itzelaren bidez baino ezin dira lortu. Argi izatetik ez duzula gutxitu izan nahi, Europako hizkuntza ertain baina arrunta baizik. Eta horretarako, duela ez asko aipatu bezala, itzulpengintza da giltza. Mundua zure hizkuntzara ekartzea edo, politikan erabili ohi den hizkuntza erabiliz, hutsik dagoen eremu hori zeuk betetzea. Bizpahiru lagun ikusi ditut azken asteotan Naomi Kleinen azken lana laudatzen, liburuaren azala edo barneko argazkiren bat jartzen Twitterren. Ez Naomi Kleinen testua bera, noski, haren espainolezko itzulpena baizik. Katalanek beren hizkuntzan egin dute aipua, euskaldunek espainolez. Timeline-an bilaketa bizkor batek Judith Butler ekarri dit, hurrena Bertolt Brecht, gero John Berger, Milan Kundera. Lagun euskaldunek darabiltzan irakurgai eta aipuak dira, beste askotan euskal egileenak euskaraz darabiltzaten moduan. Euskaldunak euskaraz irakurri, eta mundua espainolez jaso. Irratiko albistegietan diote «Diez años y divorciada» filmak irabazi duela Giza Eskubideen Zinemaldiko saria. Festibalaren webguneak ere hala dakar. Filma balitz ere, berdin euskaratu liteke izenburua. Okerrena, ez dela hala. Arabierazko film baten berri emateko izenburua espainolez ematen zaigu.

400 urte Cervantes hil zela, eta ehun haren itzulpenak euskaraz argitaratu zirela. 90, Shakespeareren lehen lanak euskaratu zirela. Ia sei hamarkada dira Leturiaren Egunkari Ezkutua eman zigula Txillardegik opari. Espainiako armadari esker ere izan zen, soldadutzako ordu galduek ahalbidetuta. Nonbait, Knut Hamsunen Pan nobela euskaratzea zuen helburu, baina Koldo Mitxelenak gaztigatu omen zion ez zezala itzulpenik egin eta berak sor zezala nobela bat. Katakonbetan baztertutako hizkuntza hark behar-beharrezko zuen Europa garaikideko korronteetara ekarri zuen Txillardegik. Sormenean kalitatea eta kantitatea, bietatik dugu egun. Itzulpengintzan, sortzaile gehienen mailatik nabarmen gora dabil hizkuntza. Eta egunero mundua etxe-zuloraino hainbat orduz telebistaz, Internetez zein liburuetan sartzen zaigun sasoiotan, euskarazkoak nekez aseko du kultur gosez dena. Hartu beharko dugu erabakiren bat, Yemengo filmak zein Hollywoodekoak, edo Judith Butler edo Naomi Kleinen liburua, maite ditugun gauzak egiteko ez gaitezen espaloitik jaitsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.