Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Errelatoa

2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Desarmatzearen Biktimen Elkartea sortzekotan nabil: sudurra pikillo piper baten kolorekoa dut oraindik, larunbateko Baionako ekitaldi amaigabean eguzkiak erreta. Bistan da asko garela desarmatzeak kiskali gaituena, zentro muturrekoez eta disidenteez harago.

Badakit: txiste merkea da. Alta, halakoak egitea komeni delakoan nago, irudipena baitut errelatoaren bataila bezain latza izanen dela umorearena. Beti gustatu izan zait umore zirikatzailearen ahalmen katartikoa. Beti pentsatu izan dut umorea pentsamendu kritikorako tresna zorrotza dela. Eta umorea kamustu, arautu, zigortu nahi digute.

Norberak bere errelato propioa edukitzeko aukera ere ukatu nahi digute. Bakar batek balio du, dioena hemen batzuek irabazi dutela eta bestetzuek galdu. Garaipena. Porrota. Irabazleak. Galtzaileak. Hitz potolooi —eta Aranbururen Patria-ri— intsumisioa: bidea helburu, desarmerako xendra laket.

Desarmatu nahi zuen erakunde armatu bati bizkarra emanez Espainiako Gobernuak erakutsi itxikeria setatiak —eta munduan parekorik gabeak— justizia poetikoaren bidezidorra zabaldu du: gizarte zibilak amaitu ahal —edo behar— izan du gizarte zibilak berak abiaraziriko prozesua.

Gizarte zibilaren zati batek jarri baitzuen abian ETAren amaieraren prozesua, erran nahi baita ezker abertzale zibilak, armarik gabeak. Prozesua armadunen aitzinean blindatuz. Nola eta zibilak diren militanteei Euskal Herria Zutik agiria bozkatzeko aukera eskainiz, eta hartara erabakimena haiei emanez. Militarrak diren militanteei estatu kolpea —beste behin ere— emateko bidea itxiz.

ETAren amaieraren prozesuan badira, jakina, faktore gehiago; besteak beste, euskal gizarteko gehiengo oso zabal baten aurkakotasuna, presio poliziala eta kalkulu estrategikoak. Baina nago prozesuaren atzeraezintasunaren gakoa horixe izan dela, erabakimena ezker abertzaleko gehiengo zibilaren esku uztea, eta blindatzea, iraganean gailendu izan diren aurkakotasun armatu eta testosteronikoen aitzinean.

Pena lehenago ez egin izana. Bidean askoz gutxiago sufrituko genuen. Denok.

Ez zait atzentzen ETArena ez dela indarkeria bakarra. Badakit indarkeria zuzena ez ezik badirela indarkeria egiturazkoak eta kulturalak ere. Baina horiei guztiei aurre egiteko lanean diharduten talde zibilen gainetik hartu izan ditu erabakiak abangoardia armadunak, horien guztiengan eragin birrintzailea zuten akzio-erreakzio gurpil zoroak eraginez.

Ekarri armak liburu gomendagarrian, Imanol Murua Uriak dio estrategia militarraren baztertzeak politikoki irabazteko aukera ireki diola ezker abertzaleari. Fokuaren jopuntua aldatuta, nago ETAren amaierak justizia sozialaren aldeko borrokan aurrera egiteko aukerak zabaldu dituela. Ahalduntzean, erabakimenean, finean bide demokratikoetan sakonduz gehiengo sozial berriak eraikitzeko beta. Presoen eskubideen aldeko mugimendua barne. Desmilitarizazioaren auzia ahantzi gabe.

Adibide paradigmatiko bat: ardatz soziala izan duen Nafarroako aldaketa instituzionala, ETArekin ezinezkoa zatekeena. Beste bat: ETAren armagabetzea bera. Bakearen artisauen mugimendua. Gizarte zibilaren ahalduntzearen eta ahalmenaren erakustaldi eredugarria, ekitaldi historiko bezain aspergarria gorabehera. Bidean aurrera goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.