andoni egana
PLAZATIK

Aztoraturik

2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Pello Esnali ikasi nion. Badu andoaindar zarauztartuak hizkuntzaren trikimailuak barren-barrenetik askatzeko sena. Aztoratu aditza ohiko bihurtu zaigu azken urteotan. Aztore izeneko hegaztia ez zaigu, ordea, hain ezagun, eta nik behintzat, Pelloren artikulu hura irakurri arte, ez nuen hegaztia kirol-arropa markarekin ere lotzen, logotipoak bai, hegazti tankera badu, baina aztore-ren ordez astore jartzeak arrastoa galtzera garamatza. Pellok azaltzen zuen aztoratu-ren jatorria egon daitekeela, aztorea hegan azaltzen denean txita txikiek duten erreakzio berezkoarekin. Aztoratu egiten dira txitak eta babes bila hasi sosegua galduta, hara eta hona, amaren estalpea non aurkituko. Gainera, zioen gazteleraz ere antzeko zerbait gertatzen dela. Azor dela gazteleraz euskaraz aztorea dena eta neurri batean tenplea galtzeari, desasoseguari, azorarse deitzen zaiola. Halaxe azaldu dira Espainiako errege-erreginak, «abrumados», «azorados»... aste honetan Frantziara egin duten bisitaldi ofizial arrakastatsuaren ondoren. Ez naiz harritzen.

Artean Camp Nouko txistu hotsak belarri-zuloetan zituztela iritsiko ziren argiaren hirira. Han, beste ekitaldi batzuen artean, Parisko alkate anderea lagun zutela, lorategi bat inauguratu zuten. Bere soilean ez litzateke albiste. Baina lorategi hori Paris askatu zuten soldadu espainiarren omenez sortua da, eta soldadu haiek —zer bestela?— errepublikazaleak ziren. Eta nor joango estreinako ekitaldira, eta Espainiako errege-erreginak! Kontraesanak guztiok dituguna jakinekoa da. Hainbestekorik ordea!

Lecrerc dibisioaren bederatzigarren konpainiakoak ziren soldadu espainiar haiek, Espainiako gerra galdu eta iheslari joanak: sozialistak, anarkistak, POUMeko kataluniarrak, komunistak... Afrika iparraldean ibili ziren lehenik. Handik Britainia Handira jo zuten eta Britainia Handitik Normandian barrena sartu ziren Frantziara, Estatu Batuetako armadarekin bat eginda. Uniformeetan bandera errepublikano gorri-hori-morea brodatzeko baimena eman zieten frantziar agintariek, eta gidaria espainiarra zuten tankeetan bandera bera tindatzekoa ere bai. Ez ziren gerran zergatik ari ziren ez zekiten mertzenarioak. Nazismoari aurre egin nahi zioten eta bidenabar noizbait Espainiara itzuli eta armada berria osatzeko asmotan zebiltzan. Indar aliatuak 1944ko abuztuaren 20an inguratu ziren Frantziako hiriburura. Aldirietan amerikarrak eta alemaniarrak borrokan ari zirela, Lecrerc dibisioko bederatzigarren konpainiako soldaduak sartu ziren Parisko erdigunera Marsellesa kantari kaleratu ziren paristar hiritarrak besarkatzera, bularrean espainiar errepublikanoen bandera brodatua zutela.

Anne Hidalgo anderea da egun Parisko alkate. Cadizen sortua da nonbait, San Fernando herrian. Berak egin zien harrera errege-erreginei. Harro agertu zen bere jatorri espainiar eta errepublikanoaz. Adierazi zuen orduko soldadu haiek gehienak hilak direla, bi salbu. Eta bi horiek ez zutela ekitaldira azaltzerik izan, ia ehuna urte soinean, osasun arazoengatik. Argitu ez zuena izan zen osasun arazo horiek lehendik zetozkien edo euren omenezko ekitaldian Espainiako errege-erreginak aurrez aurre ikusteak sor ziezazkiekeenak ziren. Izan ere, txiten omenaldi ekitaldien buru aztorea jartzearen pareko zerbait egin zuen Parisko alkate andereak! Eta aztorea, aztoratu egin zen, jakina.

Nazien atzaparretatik Paris askatu zuten errepublikazale espainiar haiek ezin izan zuten euren ametsa burutu. Bederatzigarren konpainia hura ez zen izan Espainiako Armada errepublikano berriaren ernamuin. Frantzian geratu ziren urte luzez exiliaturik borrokalari haiek eta bakoitzak bizimodua atera beharra izango zuen, egoerarik ez samurrenetan. Eta bitartean Francok nahieran agindu zuen Espainian. Harro ibiltzen zen batetik bestera. Urrutira joan gabe Donostiako Aietetik Kontxara. Han, zain izaten zuen bere itsasontzi ospetsua. Izena: Azor. Ez dakit Felipe VI.ak detaile txiki hori aintzat hartu zuen Parisen nola sentitu zen hitz bitan azaldu zuen unean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.