mikel rodriguez
ANALISIA

Ezberdina

2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Sagardia-goñitarrek jasandako krimena urteetan familiaren memoriara eta Nafarroako Malerreka eskualdeko zurrumurruetara mugatutako istorio bat izan zen. Jose Mari Esparzaren eta Aranzadi zientzia elkartearen ikerketak eta lanak, ordea, Juana Josefa Goñik eta haren sei seme-alabak jasandako patu beltza egiaztatu dute Gazteluko Legarrea leizean, eta, hein handiagoan edo txikiagoan, Euskal Herri osoaren arreta erakarri du.

Sagardia-goñitarren ondorengoek argitu nahi dute zergatik gertatu zen krimen hura, zerk bultzatu zituen hainbat bizilagun haurdun zegoen emakume bat seme-alabekin batera leize batera botatzera. Gertatutakoari buruz irakurri duten gehienei gogoratzen zaien galdera da. Aranzadikoek Juana Josefaren hezurdura berreskuratu zuten egunean, leizearen bazterrean, Esparzak arrazoi zehatzak baino, funts bat aurkitu zion hiltzaileen motibazioari: Juana Josefa «ezberdina» zen. Emakumea eta ezberdina, 1936ko Nafarroa ipar-mendebaldean.

Iruñera begira bizi den ipar parteak Irunera begira bizi den bertze zatiarekin bat egiten duen tokia da Malerreka, Nafarroa erdaldunduan Mendialdea erran ohi dioten orokorkeria horren parte: paisaia berdeak, mendiak anitz baina Pirinioetan baino txikiagoak, eta herritar gehienak euskaldunak. Kanpotik nolabait izendatu behar zituzten elkarrekin hainbertzeko antza duten herriak eta bailarak —egiari zor, ezezagutza bi norabidetakoa da, ipar partekoen artean ez baita hain arraroa hegoaldera joan eta belar hori bat ikusi orduko Erribera dela erratea—.

Mendialde orokor horretan, ordea, badira harreman konpartitu bat duten eskualdeak; errate baterako, Bidasoa ibaiaren eta haren Baztan iturburuaren inguruan kateatuta daudenak: Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan eta Lapurdiri itsatsitako bi udalerriak, Zugarramurdi eta Urdazubi. Tokian tokiko berezitasunekin, giro politiko eta sozial bertsuak partekatu izan dituzte, idiosinkrasia bera, bizimolde eta bizi ikuskera hegemoniko berberak, eta, hortaz, «ezberdina» seinalatzeko portaera bertsuak. Garai batean sorginak izan ziren, bertze batean agotak, eta historian horiek bezainbertze ezagutu ez diren bertze anitz.

1936ko gerrak moztu zuen eskualdean txertatzen hasi ziren ideia berrien hedapena, eta, bertze toki anitzetan bezala, katolizismo itogarria eta jauntxoen boterea garaile atera ziren. Esparzak azaldu bezala, giro horretan hil zituzten Gaztelun «ezberdina» zen emakumea eta haren seme-alabak. Iraganetik azkarra zen idiosinkrasia kontserbadore gogorrak hegemonia are gogorragoa ezarri zuen eskualdean.

Garaiak aldatu dira, ordea. Hego Euskal Herriko bertze tokietan bezala, frankismoaren bukaeratik ideologia, bizimolde eta bizi ikuskera irekiak sartu eta ezarri dira Baztan-Bidasoako jendearen artean. Hala ere, eztabaidatu liteke sagardia-goñitarrek muturreko egoera batean muturreko modu batean pairatu zuten idiosinkrasia horrek zein modutan eta zenbateraino iraun duen bizirik eskualdeko egurats sozialean. Ez ote den idiosinkrasia hori bera iragana kontatzea txarkeriatzat hartzen duena, emakumeei ez diena uzten tradizioetan berdintasunez parte hartzen, jauntxokeria eta klientelismoa bizirik mantentzen dituena, eta, azken finean, herrietan oraindik «ezberdina» seinalatzeko joera sortzen duena.

Horregatik, Legarrean azaleratutako egiaren ondoren, abiapuntu ona izan liteke eskualdearen bihotzean idiosinkrasia horren biktima izan zirenei agur duin bat eman eta iraganari aurre egitea, lehenbiziko pausoa izan dadin ezberdinari ezberdin begiratzeari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.