Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Asperdura

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bizi garen garaiotan gerta dakizukeen gauzarik okerrena asperdura da. Aspertzen ari zarela jabetzen badira, atoan emango dizute hamaika zeregin. Aspertzea eta alpertzea elkarren ondoan dauden berbak dira; lehenengoak ospe txarra du; bigarrena, aldiz, bekatua da. Gehiegizko lanagatik nekatuta egon zintezke, egiten duzun behar horrek ez zaitu asetzen baina aspertzeak lotsa dakar. Euskal herritarrok oso lanera emandako gizon-emakumeak gara, oso langileak, diotenez. Oskorrik kantatzen zuena gogoratzen? «Guretzat berdin dira astea eta jaia lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia». Baina finlandiarrek elurra esateko berrogei bat berba dituzten bezala, guk badugu aditz bat, egonean, asperdurari leku egiten diona. Aditz horren existentziak agerian uzten du euskal herritarrok ez garela esan bezain langile. Bestetik, pentsa lezake norbaitek kapitalismoaren ondorio dela asperdurak duen ospe txarra, alegia, etengabeko produkzioan egon behar dugula, eta horretara ez garamatzan edozer gutxiesten dugula. Izan liteke, bai, baina asperdura gizadia bezain antigoalekoa da.

Sandi Mannek Britainia Handiko Lancashireko unibertsitatean psikologia sailean egiten du lan, eta asperdura aztertzen du. Aspertzeak sormena dakarrela dio, eta egonean gaudenean sortzen direla ideiarik onenak; esaterako, dutxan. Egia esan, nik dutxan izaten ditut ideia asko, baina aspertzeak nigan ezinegona sortzen dit. Asperdura emankorra da psikologia irakasle horren aburuz. Denbora azken-azkenetara arte zukutzea, beraz, ez da hain onuragarria. Denbora joaten ere utzi behar da, eta gugandik zelan doakigun ikusi behar dugu. Denbora galdu egin behar da irabazteko. Baina ez gaude denbora galtzeko programatuta, eta desikaste prozesuan sartu behar dugu horretarako. Bizitzak ihes egiten digu, eta inoiz ez dakigu noiz, baina, zer gerta ere, egonean egoten ikasi beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.