Amnistia

Filipe Bidart, Mila Etxeberria, Jon Iurrebaso, Jesus Maria Mendinueta, Josu Ormaetxea eta beste
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gutun hau sinatzen dugunok preso edota ihesean egon garen militante politikoak gara. Errepresioa pairatu genuen Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko parte hartzeagatik. Ez gara biktimak, gure herriaren independentzia eta sozialismoaren alde borrokatu garen militante boluntarioak eta kontzienteak baizik. Beste milaka militanteren modura, guk ere bagenekien iraultza egiteak zekartzan arriskuak zeintzuk ziren. Bagenekien atxilotuak eta torturatuak izan gintezkeela, gaztaroa kartzelan pasa genezakeela, agian etxetik alde egin behar izango genuela dena utziz, familia eta lagunak barne, eta agian etxera itzuli ere ez ginela egingo. Bagenekien gure etsaiek, hilik ikusi nahi gaituztenek, epaituko gintuztela, dena irabazi ala dena galtzea ari ginela jokoan jartzeko. Bidetik kideak galduko genituela bagenekien eta ehunka galdu ere. Hori guztia bagenekien eta halere borrokan murgiltzea erabaki genuen.

Egungo testuinguruan bada errepresaliatu politikoen inguruan bereziki kezkatzen gaituen zerbait. Urteak joan urteak etorri, 2015ean 400 kide baino gehiago ditugu preso, haien artean oraindik 30 urteko espetxealdiak gelditzen zaizkien hainbat. Beste askok erbestean jarraitzen dute errepresioari izkina egiten. Gure borrokaren helburu estrategikoak ez dira oraindik bete. Gure Herriak oraindik ez du zapalkuntza nazionala ezta klase esplotazioa ere gainditzea lortu. Eta hori da, hain zuzen ere, gakoa: gatazka politikoak dauden bitartean ezinezkoa izango da gatazka konpondutzat eman. Hori barneratu ezean, irtenbiderik gabeko labirinto batean galdurik egongo gara.

Zoritxarrez, kartzeletako giltzak ez daude gure esku. Armen indarra ere ez. Biak ala biak etsaiaren eskuetan daude. Horrek ez du esan nahi etsi behar dugunik, inolaz ere. Horrek esan nahi du estatuak behartzeko Herria ideologikoki janzteko lan ikaragarria egin behar dugula, ideologizazioa eta formazioa baitira armarik eraginkorrenak borrokalari iraultzaileontzat. Errepresaliatuen estatus politikoaren onarpenaren alde egin behar da eta ez kontrakoaren alde. Soilik Herriak onartzen baldin badu gatazka ez dela konpontzen gatazkan parte hartu duten militante politikoak aske izan gabe, soilik orduan topatu ahal izango dugu benetako irtenbide bat, eta horrek izen bat dauka: amnistia.

Giza eskubideen inguru diskurtsoak zilegiak izan daitezke baldin eta errepresialiatuen izaera politikoa ezkutatzeko balio ez badute. Zer dela-eta aplikatzen zaizkie sakabanaketa, bizi osorako espetxe zigorra, FIES, preso gaixoekiko erabiltzen duten etsaiaren zuzenbide penala eta abar luzea? Gure kideen izaera politikoagatik aplikatzen zaie, hain zuzen ere. Horretaz gain, errepresaliatu politikoen despolitizazioak euren kriminalizazioa errazten du, herriaren begietara delinkuente edota kriminal bihurtzen dituelako, eta horrek estatuei erraztasunak eskaintzen dizkie euren eskubideak urratzeko orduan.

Kide, herri eta klase gisa errepresaliatuen askatasuna lortzeko betebeharra daukagu, baldintzarik gabe eta duintasunez, inoren aurrean makurtu gabe, eta horretarako bidea amnistia da. Amnistiak gatazkaren konponbidea barnebiltzen du eta horregatik soilik amnistiaren gauzatzeaz bermatuko dugu errepresaliatu politiko gehiago ez egotea. Horretan jarri behar ditugu indarrak gaurtik, irakurketa alderdikoiak alde batera utzita. Ezin dugu onartu errepresaliatuen borrokaren ondorioak haietako bakoitzaren bizkar erortzea. Errepresaliatuen borroka Herriaren ardura izan da, eta euren askatasuna ere Herriaren ardura izango da. Gutun hau sinatzen dugunok Herriaren amnistiaren alde antolatzeko deia egiten diogu, haren indar eta gaitasunean konfiantza osoa baitaukagu.

Gutun hau guztira 93 lagunek sinatu dute: Koldo Alaña, Josu Alberdi, Jon Aldana, Jon Iñaki Alkorta, Oscar Amezaga, Rosa Mari Arana, Juan Mari Arregi, Iker Arzeluz, Gorka Azpitarte, Bonifacio Badillo, Teodori Badillo, Bautista Barandalla, Jon Imanol Beaskoa, Jaione Beaskoetxea, Iñaki Bengoa, Jose Tomas Bustamante, Igor Cachorro del Pozo, Pablo Caloca, Jose Luis Cuadrado Akelarre, Iñaki Egiluz, Maria Soledad Elustondo, Oscar Estebariz, Angel Erdozia, Iñaki Erro, Juan Jose Etxeandia, Agurtzane Ezkerra, Carlos Ezkurra, Lander Fernandez, Elias Fernandez, Igor Fernandez, Ziortza Fernandez, Aitor Fernandez, Maria Pilar Ferreiro, Unai Frias de la Red, Jose Luis Gallastegi, Alberto Garmendia, Francisco Javier Gil, Miguel Angel Goienetxea Txo, Kristina Goirizelaia, Aner Gomez, Asier Gomez de Salazar, Felipe Gonzalez, Roberto Gonzalez, Bego Gonzalez de Neches, Koldo Gracia, Jordi Grau, Iñaki Herran, Jose Antonio Hurtado, Idoia Iragorri, Pedro Iriondo, Maria Angela Irure, Jon Mikel Iturriaga, Mikel Jauregi, Andeka Jurado, Sendoa Jurado, Jon Kerejeta, Mari Angeles Larrea, Zigor Larrendona, Asier Larrinaga, Gotzon Kepa Larrondo, Aitor Llano, Lorena Lopez, Jon Maidagan, Ixabel Martinez de Antoñana, Maite Martinez, Iker Mendizabal, Kepa Morales, Juan Antonio Olagorta, Iñaki Orbeta, Alberto Paul Larrea, Ibon Perez, Eduardo Perez de Anuzita, Iñigo Ripoll, Klemente Ruiz, Jose Maria Sagardui, Fermin Sanchez, Joel Sitiague, Amaia Urizar de Paz, Roberto Vecino, Peio de Vega, Andres Velado, Fermin Ventura, Izaskun Villanueva, Luis Armando Zabalo, Zorion Zamakola, Jon Zapirain, Angel Zelaieta.  
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.